Adierazpena

Aurrera pausorik ez bizikidetzan

Idatzi honekin Asier eta Iñaki Pelota Txapelketak, San Andresko frontoiaren atzealdeko horman egin dugun margolanari buruzko azalpenak eman nahi ditugu.

Lehenik eta behin Jokin Oregi “Sortwo” eskertu nahi dugu, proiektu honen parte izan eta margolan zoragarri hau egiteagatik.  Latza Jokin! 

Gaizki ulertuak saihesteko, garbi laga nahi dugu margoketaren gastu guztiak Asier eta Iñaki Pelota Txapelketatik ordaindu ditugula eta, azpimarratu nahi dugu, azken bederatzi urteotan ez dugula udaletxean dirurik eskatu.

Margolanaren helburua, 24 urte hauetan Pelota Txapelketak egindako ibilbidea omentzea da. Antolatzaileak, parte hartzaileak, San Andres, pelota, eta nola ez, Asier eta Iñaki!

Gogorarazi nahi dugu, 2022an, udalari baimena eskatu genionenan, ezezkoa eman zigutela. Orduko hartan, jakinarazi ziguten arrazoia izan zen, udala osatzen zuten hiru alderdiek, bizikidetza lan taldean lantzen zihardutela "oroimenaren aitortza" eta urtebeteko epean lan hura amaitu arte, ez zutela oroimen ekitaldi publikorik egingo. Frontoia gune publikoa izanik ezin zigutela baimena onartu. Beraiek hala eskatuta, bi urtean zain egon eta gero, tristura handiz hartu dugu aurten ere, udaleko bizikidetza lan taldean adostasun batera iritsi ez izana. Azkenean, margolana egin ahal izateko baimena alkatetzak eman behar izan digu.

Eurek jakingo dute margolanean zerk mintzen dituen eta zertara jokatzen diharduten. Guk oso argi daukagu zertara jokatzen dugun;  gazte talde batek, Asier Heriz tarteko, 2001. urtean, I. San Andres Pelota Txapelketa antolatu zuenetik, herriko gazteok esku pilotan jokatzen dugu San Andresko frontoian. Eta ez dugu gogoratu gabe utzi nahi, I. San Andres Pelota Txapelketa hark sostengua lortzeko, Iñaki Saez zinegotzi zen kultura sailari eskatu ziola laguntza.

Pelota Txapelketak bere sorreratik helburu jakinak bultzatzen ditu: herrikoia, parte hartzailea eta konpetizio sanoa. Horren adibide da bikoteak zozketaz egitea eta adin eta maila ezberdinetako bikoteak osatzea, herriko gazteak pelota giroan batuz.

Tamalez, dispertsioak gogor kolpatu zuen Pelota Txapelketa lehenengo ediziotik bertatik. Harrezkero, Asier eta Iñaki oroitu eta sakabanaketa politika salatu ditugu. Gainera, 2006an, parte hartzaile batek, beste behin, kotxe istripu larria izan zuen dispertsioaren eraginez, eta bertan izandako lesioengatik ezin izan du berriro txapelketan jokatu.

Amaitzeko, adierazi nahi dugu aurten badaukagula zer ospatua. Batetik, gure 24 urteko ibilbidea omentzen duen margolana egin izanagatik, eta, bestetik, sakabanaketa politika amaitu delako. 22 urteren ostean, euskal presoen euskal herriratzea aldarrikatzen zuen ikurra kendu diogu txapeldunen txapelari. Bazen garaia!!

Asier eta Iñaki GOGOAN! Denak etxera!

2024ko uztailaren 12an, Asier eta Iñaki Pelota Txapelketaren antolakuntza.