Eibarko Mendiak Bizirik taldeak deituta, bihar, Basalgoko makroproiektua gelditzeko argazki herrikoia ateratzeko hitzordua egin dute Eibarren. Inguruko udalerrietako plataformetako kideak eta herritarrak ere deituta daude bertaratzera. 19:00etan egin dute hitzordua Untzagan.
Ekitaldi sinboliko horrekin emango diote itxiera Basalgo zentral eolikoaren kontrako alegazioak batzeko kanpainari, nahiz eta, azken momentura arte segituko duten alegazioak batzen.
Soraluzen, gaur, eguena eta zapatuan izango da alegazioak sinatzeko mahaia erdigunean. Eibarren, mahai informatiboetan ez ezik, zenbait tabernatan eta saltokitan ere bada alegazioak sinatzeko aukera. Eta berdin Elgoibarren.
Eibarko Mendiak Bizirik plataformatik esan dutenez, astelehenean jakinaraziko dute zein izan den batutako alegazio kopurua, herri guztietakoak batuta. Halaber, astelehenean bertan aurkeztuko beharko dira guztiak, orduantxe bukatzen baita epea. Edozelan ere, dagoeneko badakite milaka alegazio jaso dituztela, 4.000 pasa bai.