Autobusa antolatu dute Debabarrenetik Bilbora, Euskalgintzaren Kontseiluaren 'Pizkundea' ekitaldira joateko

Egoitz Unamuno 2025eko abenduaren 16a

“Euskarari pizkunde berri bat emateko” helburuarekin, Pizkundea ekitaldia antolatu du Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27rako. Debabarreneko euskara elkarteek autobusa antolatu dute bertaratzeko. 

Miribillako (Bilbo) Bilbo Arenan egingo dute Pizkundea ekitaldia, abenduaren 27an, 17:00etan. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu du kultur kutsua izango duen ekitaldia, euskararen "larrialdi linguistikoari" aurre egiteko eta "euskarari pizkunde berri bat emateko". Egitasmoa aurkezteko emandako prentsaurrekoan parte hartzera deitu zituzten euskaltzaileak: "Batu gaitezen bertan euskaltzaleok, hizkuntza berdintasunean, askatasunean eta justizia sozialean sinesten dugun herritarrok. Eta, jakina, euskarari etorkizun bizi eta oparo bat eman nahi diogun guztiok". Larritzeko osagai guztiak izan arren, "itxaropen mezu bat” zabaldu nahi du Kontseiluak abenduaren 27aren bueltan: “Euskaltzaleon garaia da!”, nabarmendu dute. 

Ekitaldirako sarrerak erosteko eta informazio osoagoa izateko, jo pizkundea.eus webgunera.

Autobusa Debabarrenetik

Bailarako euskara elkarteek zein euskalgintzako beste eragile batzuek autobusa antolatu dute. Autobusak Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Eibar eta Soraluzen egingo ditu geldialdiak, herri bakoitzeko euskaltzaleak batzeko. Izena emateko epea abenduaren 18an amaituko da. Izen-ematea itxi ostean jakinaraziko dute autobusa osatu den eta ze ordutan egingo dituen geldialdiak.

Izena emateko: emailez (pilpilean@pilpilean.eus) edo telefonoz/watsapez (601602347)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.