Itxialdia eta manifestazioak

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 16a

Protesta eginez bukatu behar dute 2025a pentsiodunen mugimenduek. Atzo, astelehena, jakinarazi zutenez, abenduaren 17an, eguaztena, itxialdia egingo dute Gasteizen eta eguenean, berriz, manifestazioak Gasteizen eta Iruñean. Eskatzen dutena da orain artekoa, gutxieneko pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu arte osatzea eta familia unitatearen diru-sarrerek baldintzatu gabe aplikatzea. Bestalde, behin aste honetakoak eginda, urtarrilaren 12ra arte oporretan izango dira.

Eguazteneko itxialdiari dagokionez, Gasteizko Koroatze elizan egingo dute eta esan dutenez, Hego Euskal Herriko hiru lurraldeetako 50 pentsiodunek hartuko dute parte. Eguaztenean 10:00etan hasi eta egueneko 10:00ak arte egongo dira bertan.

Eguenean, berriz, herrietako pentsiodunen mugimenduetatik bertaratuko direnekin batera, manifestazioak egingo dituzte Gasteizen, Legebiltzarraren aurrean eta Iruñean. Eskatuko dutena da “Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu arte osatzea, eta banaka aitortu eta aplikatzea, hau da, familia unitatearen diru-sarrerek baldintzatu gabe aplikatzea”.

Osterantzean, 2026an pentsioek izango duten %2,7ko igoerari buruzko irakurketa partekatu zuten atzoko elkarretaratzean. Labur esanda, igoera horrekin eta kontuan hartuta azken lau urteotan KPIaren metaketa %19koa izan dela eta erosketa-saskiaren igoera %36koa, pentsiodunak erosteko ahalmena nabarmen galtzen ari direla salatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.