Inguruko udalerrietan, erakundeez, elkarteez eta bestelakoez aparte, zenbait herri-mugimendu ere ari dira Basalgo zentral eolikoaren kontrako alegazioak batzen. Aste honetan bukatuko da horretarako epea eta atzora arte, domeka, 4.000 alegazio inguru batu zituzten, 3.290 Eibarko herri plataforman, 700 pasa Soraluzen eta 180 inguru Bergaran. Eguaztenean nahi dituzte falta direnak batu eta guztiak prestatu, bukatzear dagoen epe barruan aurkezteko. Argazkiotan, Soraluzen eta Eibarren alegazioak batzen.


Soraluzeko kasuan, alegazio kopuru altua herritarren artean sumatzen den sentsibilizazio handiaren seinale da. Adibidez, atzo, domeka, 72 alegazio batu ziren futbol zelaian. Eta asteotan kalean ere lan handia egiten ari dira, mahaietako batean, adibidez, 400 alegazio baino gehiago batu dituzte.
Bihar Kalebarrengo kantoian
Zentral eolikoaren kontrako herriko taldetik esandakoaren arabera, bihar arte segituko dute alegazioak batzen. Izan ere, eguaztenean, inguruko udalerrietan batutako guztiak elkartu eta batera aurkeztu nahi dituzte.
Hala, bihar, martitzena, mahaia jarriko dute Kalebarrengo eta Zubi Nagusiko kale kantoian, 18:30etik 20:00ak bitartean. Adinez nagusia den edozein herritarrek bete dezake alegazioa.
Osterantzean, erakundeek -inguruko Udalek-, elkarteek -Eibarko Klub Deportiboak, adibidez- zein partikularrek -mendi-jabeek, baserritarrek, ekoizleek…- ere aurkeztuko dizkiote alegazioak proiektuari.
200 metroko altuera
Inpaktu handiko makroproiektua eraiki nahi du Madrilen eta Sevillan egoitza duen Arena Power enpresak. Nahi dituzte sei aerosorgailu jarri Soraluzeko, Bergarako eta Eibarko lurretan, bat Soraluzeko Ilordo-Topinburu inguruetan. Haize-errota bakoitzak ia 200 metroko altuera hartuko du (Karakateko antena hiru bider). Izan ere, dorrea 112 metro altu izango da, errotorearen diametroa 175 metrokoa, eta, 85,7 metroko hiru pala izango ditu. Konparazioa egite aldera, Oiz mendiko aerosorgailuak 60 metro altu dira.
Transformadorea, linea berriak…
Horrekin batera, zentral eolikoarekin lotutako bestelako azpiegitura handi batzuk ere eraiki nahi dituzte, hainbat Soraluzeko lurretan. Adibidez, Irureko Iraolabeitia baserritik 35 metrora zentro bat eraiki nahi dute, etxe baten tamainako eraikina. Horrez aparte, zentral eolikoan sortutako argindarra Elgoibarko azpiestaziora garraiatzeko tentsio ertaineko linea bat eraiki nahi dute, AP1 autobidearen gainetik pasatu eta Ezozi auzora ailegatuaz. Ondorioz, Ezozin ere eraiki nahi dituzte azpiegiturak. Eta gero Elgoibarrera eraman sortutako argindarra.
Errepidea eta plataformak
Bestalde, aerosorgailuak mendira igotzeko eta haiek mendian ipintzeko ere obra handia iragarri dute. Batetik, aurkeztutako dokumentuetan jasota dago gutxienez sei metro zabal den errepidea beharko dela aerosorgailuen elementuak igotzeko eta, errepide horren errebuelten radioa izan behar dela 65 metro baino gehiagokoa. Dago jasota ere, Elgetan eta Azurtzan saihesbide bana egingo dutela materiala mendira igotzeko. Bestetik, aerosorgailuendako plataformak ere eraiki beharko dituzte mendian, aerosorgailu bakoitzeko 24 metroko diametrodun zapata. Horrek guztiak mendiko faunari, landareei eta zuhaitzei eragingo die; adibidez, jasota dago 12.000 zuhaitz kenduko dituztela. Eta eragingo die ere akuiferoei.
Zentral eolikoak 30 urteko erabilera izango luke. Behin epe hori bukatuta, aerosorgailuak desmuntatu egingo lituzkete, ez, ordea eraikitako beste azpiegitura guztiak, plataformak, errepideak…