Euskal Herriko tituluaz gain, bikotekako txapela irabazi duzu Bittor anaiarekin eta “Gipuzkoako Bolari Onena” izendatu zaituzte.
Bolari Onenarena txirlo gehien botatzearren eman didate (22 Gipuzkoakoan, 30 Euskal Herrikoan) eta ohorea izan da benetan.
Bikotekakoari dagokionez, 2023an bigarren geratu ginen Elgetako Sebas Aranzabal eta biok, baina orain anaiarekin irabazteak ilusio berezia egin dit. Bi anaiak, Jose eta Bittor, hortxe izan ditut beti aupatzen.
Bestela, betidanik bi sari izan ditut buruan: Gipuzkoako txapelketa eta Euskal Herrikoa. Lehenengoa 2014an lortu nuen, eta oraingo honekin guztia irabazi dudanaren sentsazioa daukat. Bukatzean, zerura seinalatu eta amari eskaini nion, hunkigarria izan zen.

Gipuzkoako Bolari Onenaren Saria jasotzen. Argazkia: J.A. Nuñez.
Zela joan da txapelketa?
Lehen partidan lau txirlo bota nituen bakarrik, eta irabazleak bederatzi. Baina bigarrenean sei botata lehenengo jarri nintzen, eta lidergoa mantendu nuen txapelketa bukatu arte.
Gipuzkoako 2014ko hura guztiz desberdina izan zen, oso parekatua. Finalean 10 bolari inguruk geneukan irabazteko aukera, azkenean Sebas laguna izan nuen aurkari eta oraindik gogorarazten dit irabazi izana... (barre).

Gipuzkoako txapeldun, 2014an. Argazkia: J.A. Nuñez.
Oraingoan kristoren aldearekin ailegatu naiz finalera, sekula ikusi ez dudan zerbait da eta oso pozik nago.
Erraz lortu duzula dirudi, baina ez zen bide samurra izango.
Ez, noski. Markina-Xemeingo bolatokia bereziki exijentea izan zen adibidez, hiru bakarrik bota nituen. Baina hurrengo hitzorduan (Elgetan) zazpi bota nituen, eta etxean (Ezozin) berdin. Azken finean, bolatoki bakoitza mundu bat da, eta denetara hoberen moldatzen denak lortzen du txapela.
Zein bolatoki duzu gustukoen?
Elgetakoa. Guztiz itxita dago, taberna dauka… eta pistak suabe zein gogor botatzeko aukera ematen du. Nik, aukeran, beti gogor (barre).

Euskal Herriko txapelketako Elgetako botaldian. Argazkia: J.A. Nuñez.
...Eta Soraluzen, San Andres ala Ezozi? Busti zaitez!
Buruarekin San Andreskoa aukeratuko nuke, objektiboki hobea da. Baina bihotzarekin… Ezozikoa. Ni nabil kudeatzaile (Sebas, Isana, Nerea, Gorosabel, Boni… eta Gorka Zubiaurreren ezinbesteko laguntzarekin) eta azken hiru urteotan jaietako txapelketa berpiztea lortu dugu, kariño berezia diot.
Hor izan ziren zure hastapenak?
Ez batean, ez bestean. Gazteek ez dute jakingo, baina bolatoki bat zegoen Erregetxean, eta 7-8 urte nituela aitak bere kargu hartu zuen. Nagusiei bolak bueltatzen hasi nintzen, eta gaur arte.
Gustatuko litzaidake berriz ere horrelako bat izatea herrian, jendeak poteo egunetan joka dezan. Demaseko bultzada emango lioke kirolari, eta, batik bat hemen, beharra daukagu.
Zein da klubaren egungo egoera?
Hamar federatu gaude San Andresen, baina hiruk bakarrik jokatzen dugu txapelketetan, anaia biak eta nik. Orain gutxi zendu zaigu Iñaki Ariznabarreta Arritxa, eta omenaldia egin genion hemen (Ezozin). Gero eta gutxiago gara eta pena bat da, etorkizun iluna ikusten dut.

Iñaki Ariznabarreta "Arritxari" pasa den urrian egindako omenaldia, Ezozin. Argazkia: Soraluzeko Hiru Txirlo.
Bihar hori argitzeko ideiaren bat edo beste izango duzu ziur.
Bai, herriko bolatokia horietako bat da, zaila dela dakidan arren. Bestela, taldeak sortzea nahiko nuke. Ezoziko jaietako txapelketan 20 lagunek hartu zuten parte, eta taldeak bostekoak dira, beraz, lau izango genituzke. EHko txapelketan 73 bolari etorri ziren herrira (hiru bakarrik bertakoak) eta 90 partaidera heldu gintezke.
Zer esango zenieke herritarrei praktikatzera animatzeko?
Nik txapelketetan jarraituko dut berriro ere irabazteko asmoz, baina, hasieran esan bezala, neuzkan bi ametsak bete ditut Gipuzkoako eta Euskal Herriko tituluekin. Ziklo hori itxita, nire esfortzuak hiru txirlo bola-jokoa zabaltzean jarri nahi ditut. Orduan, ezer esan baino, garbi utzi nahi dut laguntzeko prest nagoela: bolatokia zabaltzeko, irakasteko, materiala lagatzeko, ume eta gazteei erakusteko… kirol hau herrian bizirik mantentzen lagunduko duen edozertarako.

Jose Antonio Nuñez "Txiki", Euskal Herriko txapela buruan eta kopa eskuan. Argazkia: Ander Gomez.