Alderdi guztien artean adostuta 2026ko aurrekontuan dauden proiektuetatik honakoak nabarmendu zituen Borinaga zinegotzi sozialistak: Olaldearen egitasmoari jarraipena ematea, udalerrian zein bidegorrian komun publikoak jartzea eta musika taldeentzat lokalak/entsegu-guneak sortzea.
PSE-EEren eskutik aurkeztu eta onartu diren ekarpenen artean, berriz, zinegotzi sozialistak azpimarratu zuen Soraluzetik Maltzagara arteko bidegorria Soraluzetik Bergarakoarekin lotzeko “barne-proiektua” egiteko partida onartu izana.
Zentzu horretan, Jose Ignacio Asensio diputatu sozialistak zuzentzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuak Maltzaga eta Soraluze arteko bidegorriaren garapenarekin duen inplikazioa nabarmendu zuen Borinagak.
Ildo beretik, Iñaki Arriola eta Denis Itxaso sozialistekin elkarlanean Soraluzen egindako lana eta inbertsioak ere nabarmendu zituen. Ez bakarrik Olaldea garatzeko proiektuan. Borinagak mahai gainean jarri zituen ere Pascual Churrucan alokairu sozialerako 29 etxebizitza eraikitzea, Ezozia auzoaren hiri-berroneratze integrala eta SAPAren industria-espazioaren zati bat berreskuratzea, herritarrendako eremu libre estali eta balioaniztun bat sortzeko.
Onartutako proposamen sozialistak
Osterantzean, bozeramaile sozialistak adierazi zuen eurek ekarpenak egin dizkiotela aurrekontuari Soraluze "irisgarriagoa, iraunkorragoa eta kohesionatuagoa" izan dadin, eta jakinarazi zuenez, "horietako asko” onartu egin dituzte, “batzuk neurri batean eta beste batzuk osorik".
Honako hauek dira onartutako proposamenak:
- Zarata-mapa baten ezarpena aztertzea, inguruko udalerrien esperientziak erreferentziatzat hartuta.
- Bizitzako etapa guztietan nahi ez den bakardadea detektatzeko azterlan bat egitea.
- Bide publikoko fatxadetan pintadak garbitzeko doako programa bat abian jartzea, udal-ondarea babesteko -Eibarko Udalak badu halako bat, adibidez-.
- Udaltzaingoaren hurrengo ibilgailua elektrikoa izan dadin konpromisoa hartu du Udal Gobernuak, eta harekin batera, herritarrendako doako kargagailu bat jartzekoa Zubi Nagusian. Sozialistek eskatu zuten udaltzaingoarendako ezin bada ibilgailu elektrikoa laster erosi, kargagailu elektrikoa 2027an jartzea.
- Tokiko artista gazteentzako dirulaguntzak aztertzea 2026an, 2027ko aurrekontuan sartzeko aurreikuspenarekin.
- Aurrekontuko 30.000 euroen zati bat auzoak hobetzeko inbertitzea, Sagar Erreka eta Zeleta auzoak hobetzeko, zehazki.
- Patinete elektrikoen erabilera arautzen duen Ordenantzari behin betiko bultzada ematea eta oinezkoen guneetan patinete horiek erabiltzea debekatzea.
Bukatzeko, Patricia Borinaga zinegotziak balioan jarri zuen desberdin pentsatzen dutenekin izandako negoziazio gaitasuna, azpimarratuz eurak beti egongo direla ekarpenak egiteko gertu. “Guk bezala pentsatzen ez dutenekin edo Soraluzek behar duenaren ikuspegi bera ez dutenekin hitz egiteko, negoziatzeko eta adosteko dugun gaitasunari balioa eman nahi diogu. Gu beti egon gara, gaude eta egongo gara ekarpenak egiteko eta eraikitzeko. Izan ere, zerbait argi badugu sozialistek da, ezer ez, edo ia ezer ez dela errealitate bihurtzen taldean lan egiten ez bada”.