Udal Gobernuaren funtzionamendua kritikatzen hasi zuen bere interbentzioa Iker Aldazabal bozeramaile jeltzaleak. Nabarmendu zuen aurrekontu proiektuaren berri Ogasun batzordean -Ongizatean ere- izan zutela bakarrik, eta EH Bildu oposizioan zegoenean, berriz, "Ogasun batzordera iritsi baino lehenago, aurrez, batzordez batzordeko” aurkezpenak egitea eskatzen zituela eta orain, gobernuan dagoenean ez duela halakorik egin eta batzorde bakarrean aurkeztu duela Ogasunera eraman baino lehen.
Atzerapenak eta beste
Horrekin batera, gobernuaren “atzerapenak” ere nabarmendu zituen. Zenbait adibide emate aldera, honakoak azaleratu zituzten:
- Aurrekontuari azaroan egindako jeltzaleen ekarpenei plenoko deialdia bidali ondoren erantzun diela EH Bilduk. “Errespetu falta bat dela deritzogu”.
- Garapen ekonomikoa, industria eta enplegu batzorderik ez egitea 2025ean. “22 urte daramatzat udaletxean, bai gobernuan baita oposizioan ere eta behin ere ez dut horrelakorik ikusi”. Horrekin batera, Soraluzeko langabezia-tasa altuari ere egin zion erreferentzia.
- 2025ean Pertsonaleko batzorde bakarra egitea.
- Horrez aparte, zenbait informazio behin eta berriz eskatu arren, jaso ez izana ere salatu zuen Aldazabalek. Adibidez, herrian dauden ibilgailuen eta aparkalekuen berri. “Ez dakigu zergatik den hori, ganora faltarengatik ala datu hori eman nahi ez dutelako”.
Jeltzaleen proposamenak
Aurrekontuari egindako proposamenen artean, berriz, zerrenda luzea aurkeztu zuen Iker Aldazabalek, baina, batik bat, “Ongizateko, Hirigintzako eta Hizkuntz Politikako alorrean” egindakoei eman zien garrantzia:
Ongizatean:
- Frontoi 5eko etxebizitza erosteko dagoen aukera baliatu beharrekoa iruditzen zaie.
- Zaharren egoitzari dagokionez, hango egoera ekonomikoaren eta diagnostikoaren berri eskatu zuten. Baita Patronatuko bilera egitea ere, aurten ez baita egin. Horrez aparte, 2024ko lur-jausiarekin lotutako konponketak eta orduan apurtu zen generadorea ordeztuko duen berria ere exijitu zituzten. Dena den, Aldazabalek azpimarratu zuenez, “benetan bereziki kezkatzen” dituen gaia da “egoitzaren egoera”. “Informaziorik ez daukagu aipatutako gai guztien inguruan. Zein da gaur egungo egoera ekonomikoa? Patronatuko presidenteak egoitzak pairatzen duen egoera bideratzeko zer egiteko asmoa dauka?”; hala, “urgentziaz” eskatu zuen urtea bukatu aurretik Patronatuaren bilera egitea.
Hirigintzan:
- SAPAren 2. fasea gauzatzea eskatu zuen, alboak itxiz, eta esparruari bizia emango dion urteko ekintza programatuz.
- Erregetxeko lur azpiko aparkalekuen proiektua aztertzea, 120 ibilgailurendako edukiera izango zuena. Jeltzaleek uste dute epe motzera gauzatu ahalko litzatekeela eta herrian aparkalekuetarako behar handia dagoela.
Hizkuntz politikan:
Euskararen Urrezko Ziurtagiria lortzeko pausoak ematea.
Exekuzio maila
Bestalde, 2025eko aurrekontu proiektuaren exekuzio maila ere izan zuen hizpide Aldazabalek. Kasu horretan, besteak beste, honako galdera-eskaerak egin zituen:
- Etxebizitza alorrean, “hurrengo urtera begira udalerria zona tentsionatu izendatu ondoren, etxebizitza plana gauzatu beharko du udalak”.
- Soraluzeko Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralean, berriz, jeltzaleek uste dute ezin dela “benetako konpromisoaz hitz egin aurreikuspen ekonomiko zehatzik gabe”. Halaber, kronologia kontuetan zenbait kontraesan ere azaleratu zituen.
- Galdetu zuten ere Udal Gobernuaren zenbait egitasmo zelan finantzatzeko asmoa duten, inbertsio altuak beharko bailirateke: Gabolatseko igogailua egiteko, Musika eskola eraberritzeko, Plaza zaharra eta eta Erregetxeko aparkalekua igogailu batekin lotzeko, Estaziño kalean trafiko baretuko eremua egokitzeko eta Lersundiko Jauregiaren proiekturako.
- Horrekin guztiarekin batera “aurreikusi baina garatu ez diren” proiektuak zerrendatu zituen jeltzaleen bozeramaileak. Nagusiena Olaldearekin lotutakoa izan zen. “Debabarreneko-Ponentzia: Olaldearako milioi bat euroko aurrekontua aurreikusita zegoen ondorengo proiektuak gauzatzeko: 1. PAU-a (Plan de actuación urbanizadora) 100.000€ plana idazteko. 2. Olaldeko eremuan kokatzen diren; Santa Ana 36-38 eta 40 zenbakiko jabetzak, udalak bereganatzeko 900.000€. Irailaren 25an, Eusko Jaurlaritzara bidalitako memoriak aurreikusten du Olaldeko eremua 2027an gauzatu/ bukatuko dela. Ulertuko duzuen bezala eta ikusita aurtengo exekuzio maila gure zalantzak ditugu plangintza urte horretan bukatuko den”, esan zuen Aldazabalek.
Ponentziaz aparte, erreklamatu zituenen artean izan ziren, besteak beste, kontsumitzaileentzako bulegoa martxan jartzea, gazteentzako lokala diseinatzeko prozesua, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren lizitazioa, katuen kolonien kudeaketa eta beste bat aipatzearren, kultur ondarea berreskuratzeko egitasmoa.
Balantze orokorra
Gauzak horrela eta 2025eko aurrekontuaren balantze orokorrari dagokionez, “exekuzio maila ikusita agerian” geratzen da “planifikatutako proiektu garrantzitsuenak ez direla gauzatu. "Atzerapenak ohiko dinamika bihurtzen ari dira proiektuak exekutatzerako orduan. 2025. Urterako hartutako konpromiso nagusienak ez dira bete, Udal gobernuaren kudeaketak huts egin duelako. Hau guzti hau kontuan izanda gehiengo absolutua duela EHBilduko gobernuak eta bi pertsona liberatuta (alkatea eta alkateordea) udal jardunerako”.
Abstentzioaren azalpena
Azkenik, jeltzaleen abstentzioari buruzko azalpenak eman zituen Aldazabal bozeramaileak:
“2026ko aurrekontu proiektuari dagokionean abstenitu egin gara azken bi urtetan bezala. Gure taldeak urte guztian zehar, batzordez batzorde, gure ekarpenak egiten joan gara eta neurri batean, ez guztiak, isla izan baitute aurrekontuan.
Aldi berean, gaineratu zuten adi egongo direla 2026ko aurrekontuaren exekuzio mailarekiko. “2024ko Udalaren aurrekontu orokorraren exekuzioa %73koa izan zen, eta inbertsioei dagokienez, %43koa. Datu benetan kezkagarriak. Egia da aurrezpenak gora egin duela azken urteetan baina gero, udal gobernua gai ez bada aurrekontuan jasotako inbertsioak gauzatzeko, balantzea eskasa izango da”, bukatu zuen Aldazabalek.
EAJ-PNVren irakurketa OSOA HEMEN KLIKATUTA ikusgai.