UDAL AURREKONTUA 2026, UDAL GOBERNUAREN IRAKURKETA

Unai Larreategi alkatea: "Aurkezten dugun aurrekontu proiektua udal korporazio osoarena da, urtean zehar jasotako ekarpen eta eztabaiden ondorio"

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 12a

2026rako aurrekontua aurkezterakoan, lehenengo 2025ekoari erreparatu zion Udal Gobernuko buru Unai Larreategi alkateak. “Anbizio handiko proiektuak” izanda, horiei begira lan handia egin izana nabarmendu zuen eta esan “pozik” daudela “eraginkortasun maila handiz lortutako emaitzekin”. Eskerrak eman zizkien Udal langile, herritar zein zinegotziei eta 2026rako aurkeztutako “aurrekontu proiektua udal korporazio osoarena dela” azpimarratu zuen “harrotasunez”. Osterantzean, besteak beste, Udalaren inbertsio zein aurrezki ahalmena “handitzen jarraitzen” dutela azpimarratu zuen, aurrezki mailari dagokionez, “agintaldirako jarritako %10eko erronka gaindituta”. Barruan irakurketa osoa.

"2025a urte oparoa eta era berean intentsoa izan da. Anbizio handiko proiektuak geneuzkan jasota aurrekontuetan eta lan asko egin behar izan dugu, horiek burutzeko azpiegiturak sortzean/osatu/indartu eta kudeaketa lanak planifikatzean, batez ere; pozik gaude, eraginkortasun maila handiaz lortutako emaitzekin. Dagokionean egingo dugu balorazio zehatzagoa baina aurrekontuetan jaso ziren proiektu gehienak eginda eta falta direnak bideratuta daude datozen asteetan exekutatzeko (Plaza Zaharra ibaiarekin lotzeko obra, irisgarritasuna hobetzeko maisuen etxeetako arrapala zein Lersundi jauregi pareko espaloiaren egokitzapena, peatonalizazio sistema berria eta herri sarrera eta irteerak kontrolatzeko segurtasun sistema eraberritua ere, SAPAko eremu barrua atontzea edota urte berriarekin batera martxan jarriko den familia esku-hartzearen eta kale heziketaren zerbitzua). Eskerrak eman nahi dizkiet erronka guzti hauen garapenean udal langileek egindako lan handiari, ze esandako moduan exijentzi maila handiko urtea izan da aurtengoa, eta batzuetan proiektu hauek lehenago egiteko borondatea eduki arren ezinezkoa izan da teknikoki lehenago bideratzea. Eta eskertu nahi diet baita ere herritarrei arrazoi desberdinegatik, batetik, hainbat obrak eragin duten eta eragiten duten traben aurrean erakusten ari diren pazientziagatik; eta, batez ere, Udalak bultzatutako prozesu eta ekimenetan izaten ari den parte-hartze zabalagatik, herrigintzan dagoen interesaren eta inplikazioaren erakusle.

Urte intentsua izan da aurtengoa eta 2026a ere antzera dator. Soraluze biziberritzeko proiektuz josita dator 2026ko aurrekontu proiektua ere. Ahaleginduko gara lan hauek ere urte osoan zehar ondo planifikatzen. Herritarrentzat eta udal langileentzat ahalik eta eramangarriena izateko guzti hauen egikaritzea.

Zinegotzioi ere lan sendo egitea tokatuko zaigu datorren urtean, borondatea eta motibazioa badugu eta ea asmatzen dugun orain arte moduan guztion artean herriarentzat garrantzizkoak diren proiektuetan ahalik eta elkarlanik handienarekin jarduten. Harrotasunez esateko moduan gaude gaur hemen aurkezten dugun aurrekontu proiektua udal korporazio osoarena dela, urtean zehar jasotako ekarpen eta eztabaiden ondorio, horregatik eskerrak eman nahi dizkizuet zinegotzi guzti-guztioi, zuen jarrera eraikitzailea ezinbestekoa delako emaitza hau lortu ahal izateko.

Geratu dira hainbat proiektu sartu ezinda; baina, garrantzitsuena da aurrekontuetan daudenen iniziatiba guztiok partekatu dugula, eta hau azpimarratu nahi dut. Orain, Udal Gobernu taldearena izango da hauek garatzeko ardura, oposizioarena proiektuen exekuzioa exijitzekoa den bezala.

Orain, Udal Gobernu taldearena izango da hauek garatzeko ardura, oposizioarena proiektuen exekuzioa exijitzekoa den bezala.

Edukia

2026ko aurrekontua 8.937.165€takoa izango da, azken urteetako ildotik ohiko aurrekontuak baino handiagoa da. Jaurlaritzak Ezozi Bidea Berritzen proiektua bultzatzeko emandako laguntzek handitu dute azken urteetan aurrekontua, aurtengoan berriz, Olaldeako gunea berroneratzeko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzak bereziki handitzen du aurrekontu proiektua.

Aurtengo inbertsio partida 3.083.244€takoa izango da, horietatik 591.348€ izango dira udalak jarriko dituenak eta gainontzekoa Jaurlaritza eta Diputazioaren laguntzei esker finantzatuko da.

Udalaren inbertsio ahalmena handitzen jarraitzen dugu aurten ere, eta dagoeneko lortu dugu agintaldi bukaerarako ipini genuen helburura iristea. Kudeaketa ekonomikoari emandako garrantziaren ondorioz udal aurrezki ahalmena handitzen jarraitzen dugu eta aurten %10,2an kokatu dugu, agintaldirako jarritako %10eko erronka gaindituta. Herritarrei zerbitzuak handituz eta lizitazio berriekin kiroldegiko zein eraikin publikoen garbitzaileen kondizioak hobetuz lortu ditugu gainera emaitza hauek. Udala ekonomikoki osasuntsu dagoela esan dezakegu herriak dituen beharrei hobeto erantzun ahal izateko.

2026rako helburu nagusiak Olaldeako proiektua abiatzea, hainbat auzunetako bizi kalitatea hobetzeko inbertsioak egitea, herri osoko txukuntasunean aurrerapauso gehiago ematea eta herritarrei zerbitzu ona ematen jarraitzea izango dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.