Gaur landuko den udal aurrekontuari egindako ekarpenen berri eman du oposizioak

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 11

Udalbatzak egindako azken batzarra, irailean.

Gaur, eguena urteko osoko bilkurarik inportanteena egingo da, datorren urteko aurrekontuak langai izango baitituzte udal ordezkariek. EH Bilduren Udal Gobernuak gehiengo osoa duela kontuan hartuta, ezusteko handirik ezean, onartu egingo dira aurrekontuak. Edozelan ere, oposizioaren zelako babesa eskuratzen duen ikusteko dago. Hain justu, oposizioko EAJ-PNVk zein PSE-EEk, biek ala egin dizkiote ekarpenak udal aurrekontuari –barruan irakurgai-. 19:00etan hasiko da bilkura eta interesa duen edozein bertara daiteke.

EAJ-PNV alderdiak azaroan eman zuen aurrekontuari egindako ekarpenen berri. Labur esanda, “esparru estrategikoak” hartzen dituzten proposamenak egin dituztela azpimarratu zuten, sailka banatuta. Ekarpenak HEMEN irakurgai.

PSE-EE alderdiari dagokionez, berriz,  “proposamen multzo bat” aurkeztu dizkio aurrekontu proiektuari,” Patricia Borinaga bozeramailearen esanetan, gizarte ongizatea hobetzeko, zerbitzu publikoak indartzeko eta herritarren bizikidetza bultzatzeko”.

Ekimen zehatzetara joz, eskatu dute udal azterketa egitea “bizitzaren etapa guztietan nahi ez den bakardadeari buruz”, bakardade-egoerak identifikatzeko, eta, osasun mentala, fisikoa eta gizarte-ongizatea hobetuko dituzten politika eraginkorrak diseinatzeko.

Eskatu dute Zaraten Mapa bat egitea, zarata kudeatzeko, ez-betetzeak detektatzeko eta kutsadura akustikoa murrizteko oinarrizko tresna izan dadin, herritar guztien atsedena bermatzeko.

Garbiketaren alorrean, berriz, “bide publikoko fatxadetan pintadak garbitzeko doako programa” abiarazteko eskatzen dute; “ingurumenaren zaintzaren aldeko apustuaren” baitan, mugikortasun elektrikoa bultzatzeko, “ibilgailu elektrikoak eta hibridoak kargatzeko puntuak” eskatu ditu; eta bestelakoen artean, haur parkeetan eremu estalien plangintza egitea, antzerkiaren, argazkigintzaren, arte plastikoen eta musikaren arloko proiektuak laguntzeko “udalerriko artista gazteentzat laguntza-lerroa sortzea”. Patinete elektrikoen erabilera arautzeko ordenantza eta Sagar Erreka eta Zeleta auzoak hobetzeko jarduerak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.