Azoka solidariorako materiala batzen dihardute Institutuan

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 10a

Abenduaren 22an, azoka solidarioa egingo dute Soraluze BHI Institutuko ikasleek Plaza Zaharrean. Abenduaren 18ra bitartean batuko dute horretarako materiala institutuan: egoera onean dauden bigarren eskuko liburuak, jostailuak, arropa, kirol materiala… Eramandako produktu bakoitzeko puntuak emango dizkiete ikasleei, azokan puntuak erabili beharko baitira trukerako. Hain justu, azoka egunean ere eskuratu ahal izango dira puntuak, 4. DBHkoek egingo duten pintxo eta errifa salmentan. Hori horrela, ikasleek ez ezik, edozein herritarrek eskuratu ahal izango ditu puntuak eta azokan erabili. Eskola Agenda 2030 programaren baitan gauzatuko dute azoka solidarioa.

Abenduaren 22an, 10:00etarako jarriko dute azoka solidarioa Plaza Zaharreko karpan eta 13:00ak arte izango da zabalik. Ekimenaren helburua da kontsumo arduratsua, berrerabilpena eta ekonomia zirkularra sustatzea. Hain justu, Eskola Agenda 2030 programaren baitan gauzatuko dute azoka, Debegesarekin eta Soraluzeko Udalarekin elkarlanean.

Hori horrela, erabilitako gauzak batuko dituzte Institutuan abenduaren 18ra bitarteko jolas-orduetan; mahaia ipini dute horretarako. Eramaten den produktu bakoitzeko, puntuak emango dizkiete ikasleei, dirua erabili beharrean, azoka solidarioan puntuak erabili beharko dira-eta produktuak eskuratzeko. Atzo hasi ziren bilketa-lanak egiten eta dagoeneko batu dituzte hainbat jolas, liburu, oinetako zein arropa.

Horrez aparte, abenduaren 22an, institutuko 4. mailako ikasleek pintxoak eta errifak salduko dituzte ikas-bidaiarako, eta, erostearen truke, azokarako puntuak banatuko dituzte. Hartara, ikasleek ez ezik, edozein herritarrek eskuratu ahal izango ditu puntuak eta azokako produktuengatik trukatu.

20 urte lanean

Debegesak, Debabarreneko garapen agentziak, hogei urte daramatza eskualdeko udalekin elkarlanean Eskolako 2030 Agenda proiektua bultzatzen eta koordinatzen. Eskola Agenda 2030 garapen jasangarrirako hezkuntza-programa bat da, eskola-komunitateari zuzendua. Proiektuak hiru helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen- eta gizarte-jardunbide egokien eredu bihurtzea.
  • Ikasleak heztea, ingurumen- eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta konpontzeko gai izan daitezen.
  • Hezkuntza parte-hartzailea eta ingurumenarekiko errespetuzkoa bermatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.