Gutxieneko zerbitzuekin jardungo dute osasun zerbitzuetan

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 9a

Gaur hasi eta barikura bitartean, grebara daude deituta Osakidetzako medikuak, eta, horrek eragina dauka inguruko osasun zerbitzuetan. Debabarreneko ESIari dagokionez, gutxieneko zerbitzuekin lan egingo dute Elgoibarko, Eibarko -eta Torrekuako-, Ermuako eta Debako anbulatorioetan. Hori horrela, Soraluzeko osasun zentroan norbere medikua greba egiten ari bada, Elgoibarko anbulatoriora jo beharko dute soraluzetarrek, larrialdi kasuetan Mendarora. Medikuek egunean bertan erabaki dezakete greba egin ala ez. 

Astelehenetik barikura deituta dagoen grebaren jarraipen datuei dagokienez, Osasun Sailetik helaraziko dute zenbatekoa izan den. Soraluzeko anbulatorioaren kasuan, mediku bakoitzak egunean bertan erabakiko du zer egin, eta ondorioz, norbere medikua ez baldin badago, Soraluzeri Elgoibarko anbulatorioa dagokionez, bertara joan beharko da, larrialdi kasuetan Mendaroko ospitalera.

"Justizia soziala"

Grebari dagokionez, berriz, Euskadiko Medikuen Elkargoak bat eta Euskadiko Sendagileen Sindikatuak egin dute Espainiar Estatuko medikuen sindikatuekin, eta grebara deitu ditu Osakidetzako profesionalak. "Ez da aldarrikapen apetatsua, ezta korporatibista ere. Justizia sozialaz ari gara. Pillatutako nekeagatik eta baldintza duinen beharragatik hasten dugu greba", zehaztu dute Euskadiko Medikuen Elkargotik. Estatu marko propioa eskatzen dute medikuentzat eta kirurgialarientzat. Salatu dute Osasun Ministerioarekin duten negoziazio mahaian ia ez dagoela medikuen eta fakultatiboen ordezkaritzarik, eta horregatik, mahai propio bat sortzea eskatzen dute, beren eskaerak egin ahal izateko. 

"Herritar guztiek jasotzen duten osasun-arretaren kalitatean eragin zuzena duten lan-baldintza duinen alde borrokatzen diren profesional akituen oihu etsiari emandako erantzuna da greba. Medikuen egoera kritikoa da, eta osasun publikoak bizi duen egoeraren isla baino ez da: lan gainkarga, langile falta, agenda onartezinak eta prekarizazio kezkagarria, profesionalen osasuna zein pazienteen segurtasuna arriskuan jartzen dituena. Urteak dira osasun sistemari eusten diotenen eskaera bidezkoak alde batera uzten ari direla, eta Osasun Ministerioak aurkeztutako Esparru Estatutuaren Legearen aurreproiektuak iraganeko zauriak okertu besterik ez ditu egiten. Horregatik, medikuentzako Estatutu propioa eskatzen dugu", zabaldu dute Gipuzkoako Medikuen Elkargotik. Nabarmendu dute ez dutela pribilegiorik eskatzen, ezpada bermatua izan beharko luketena betetzea: babesten dituen estatutu bat.

Mobilizazioak ere bai

Grebarekin batera mobilizazioak ere iragarri dituzte, hiriburuetan. Egunero, elkarretaratzea egingo dute Donostiako ospitaleko sarreran, 07:45ean. 09:00ak arteko elkarretaratzeak izango zirela zehaztu zuten atzo, salbu gaur, ordubetekoa zutelako egitekoa, ondoren, eguerdian, Bilbon egingo den manifestaziora joan ahal izateko. 12:00etan hasiko dute manifestazioa, Bilbon. Mendaroko Ospitalean ez dute momentuan elkarretaratzerik egiterik aurreikusita.

Hona hemen aurkeztu dituzten grebarako arrazoiak:

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.