Ehundik gora alegazio Basalgo zentral eolikoaren kontra

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 9a

Zentral eolikoaren kontrako alegazioak batzen, bariku iluntzean.

Hainbat egunez, Basalgo zentral eolikoaren kontrako alegazio herrikoiak batzeko mahaia ipini dute kalean, eta, helarazitako datuen arabera, dagoeneko 100dik gora alegazio batu dituzte Soraluzen. Aste honetan berriro ere ibiliko dira alegazioak batzen, astegunean erdigunean eta asteburuan, domekan, futbol zelaian, futbol eskolako partiduak izanik jende asko elkartuko dela aintzat hartuta. Abenduaren 22ra arteko epea dago alegazioak aurkezteko.

Basalgo zentral eolikoaren kontrako Soraluzeko taldea ez ezik, inguruan ere ari dira alegazioak batzen proiektu horren kontra, besteak beste, Eibarko Mendiak Bizirik taldea. Horrez aparte, partikularrek eta erakundeek -udalek- ere aurkeztuko dizkiote alegazioak egitasmoari. Abenduaren 22ra arteko epea dago alegazioak batu eta aurkezteko.

Halaber, Soraluzeko taldeak jakinarazi duenez, hainbat herritarrek Change.org plataforman sinatu dute Basalgo zentral eolikoaren kontra eta ohartarazi du sinadura hori ez dela alegazio baten baliokidea, beraz, dei egin dute Change.org plataforman sinatu arren, alegazio herrikoia ere aurkezteko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.