1996ko abenduan, kaleratu zen Pil-pilean aldizkariaren lehen alea eta 2007an ipini zen martxan herriko agerkari digitala: Plaentxia.com, ondoren Plaentxia.eus bihurtu zena. Pil-pilean herri komunikabideak, ia hogeita hamar urtez, plazentziatarrei herriko informazioa eskaini die euskaraz. Ostera, garaiak eta premiak aldatuz doaz eta Pil-pilean Euskaltzaleen elkarteak Debabarreneko beste hiru euskara elkarterekin batera, erabaki dute herrietako hedabideak batu eta elkarrekin bailara mailako hedabidea sortzea: Barrena Komunikazio Taldea. Aurretik inguruko bailaretan jarraitu duten bidetik (Anboto Durangaldean, Goiena Debagoienean, GUKA Urola Kostan eta Lea Aribai eta Mutrikuko Hitza Lea Artibain) Debabarrenean ere beharrezko ikusi dute bailarako hedabidea eratzea, bere jarduna indartzeko, berritzeko eta horrela kazetaritza zerbitzu hobea eskaintzeko debabarrendarrei.
Sei urteko lankidetza prozesuaren ostean, ailegatu da jauzia emateko ordua eta gaur, Euskararen Egunean, aurkeztuko da proiektua Soraluzeko komunitatearen aurrean. Aurkezpena arratsaldeko 18:30ean izango da Kalebarren 8ko lokalean. Bertan, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak Barrena proiektuaren nondik norakoen berri emango du.