Argazkilaritza eta eskulturagintza batzen dituen erakusketa

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 2a

Julio Mendikute 2021ean, bere lehen erakusketan. Argazkia: Egoitz Unamuno.

Artzabalgo baserrian tailerra duen Julio Mendikute artistak erakusketa inauguratuko du barikuan Oreka Art galerian. Kimigramak basoan izenburuarekin, egurrezko eskulturak erakutsiko ditu, baita argazkilaritzan oinarria duten kimigramak ere. Mendikuteren erakusketak emango dio itxiera Oreka Art galeriaren 2025 urteari.

Julio Mendikutek teknika berezia erabiltzen du bere eskulturak lantzeko. Halaxe esplikatu zion Plaentxia.eus atariari Oreka Art galerian egin zuen lehen erakusketan: “Egurra lantzeko Shou Sugi Ban teknika ezagutu nuen interneten bidez eta interesgarria iruditu zitzaidan. Egurra iraunarazteko teknika japoniarra da. Lehenik egur zati bat aukeratzen dut, gero erre egiten dut eta lixatu ostean, olioa eta argizaria ematen dizkiot, edertzeko. Batzuetan urre kolorea ere gehitzen diot urre xafla mehe bat erabilita”.

Urtarrilaren 6ra bitartean

Eskulturak ez ezik, kimigramak ere baditu Mendikutek. Orain eskulturagile bada ere, lehenago argazkilari izan zen, eta hain justu, argazkilaritzan erabiltzen den teknika batekin egindako lanak dira horiek: “Eskuz egindako irudiak dira, fotografiarako erabiltzen diren sustantzia kimiko batzuek erabilita, paper fotografikoaren gainean”.

Barikuan, 19:00etan inauguratuko dute erakusketa eta ikusgai izango da 2026ko urtarrilaren 6ra bitartean.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.