“Fotografia laga dut gauza berri batean zentratzeko”, esan zuen urtetan argazkilaritza landu duen Julio Mendikutek Baso Isilak erakusketaren aurkezpenean. Bertan, Julio Mendikutek lehen aldiz erakutsi ditu jendaurrean bere egurrezko eskulturak. Eskultura "abstraktu" eta "figuratiboak" dira, egileak egurraren forma naturalak baliatuz egin dituenak.
Teknika japoniarra
Orain dela bost urte inguru ekin zion egurrarekin eskulturak egiteari. “Egurra lantzeko Shou Sugi Ban teknika ezagutu nuen interneten bidez eta interesgarria iruditu zitzaidan. Egurra iraunarazteko teknika japoniarra da. Lehenik egur zati bat aukeratzen dut, gero erre egiten dut eta lixatu ostean, olioa eta argizaria ematen dizkiot, edertzeko. Batzuetan urre kolorea ere gehitzen diot urre xafla mehe bat erabilita”.
Pago, haritz eta gaztain egurra dira Mendikutek gehien erabili dituen materialak. “Mendian aurkitutako egur zatiak eta sustraiak dira batzuk, eta Azpeitiko egur zaharren biltegi batetik ekarritakoak beste batzuk”. Egur berezi horiek baliatuta sortzen ditu gero eskultura “figuratiboak” edo “abstraktuak”, Arzabalagako baserrian duen tailerrean.
Sei quimigrama
Egurrarekin egindako eskulturekin batera, quimigrama izeneko teknikarekin landutako 6 margolan ere ipini ditu ikusgai erakusketan, “lehenago” egindakoak. “Eskuz egindako irudiak dira, fotografiarako erabiltzen diren sustantzia kimiko batzuek erabilita, paper fotografikoaren gainean. Orain ez ditut egiten”.
Astelehenetik barikura ikusgai
Erakusketa zabalik izango da ekainaren 27ra bitartean Oreka Art galerian (Gabolats kalean), astelehenetik barikura, 19:00etatik 20:00etara. Nahi izanez gero, aurretik ere erreserbatu liteke lekua 635706690 edo 943752139 telefonoetara deituta.