EiTBren Maratoiko dirua gobernuko erakunde batendako izango dela salatu zuten

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 2a

Pentsioen aldeko atzoko elkarretaratzean, EiTBren aurtengo maratoia izan zuten hizpideetako bat. Salatu zutenez, zahartze osasuntsua bultzatzearen izenean batuko duten dirua “EAEko Gobernuko erakunde” batendako izango da; “orain gobernuak txapela pasatzen du Gabonetako datak aprobetxatuz, herritarrek finantza ditzaten gobernuaren aurrekontuekin ordaindu beharko litzatekeen programa”, esan zuten. Bestelakoetan, “ulertezina” iruditzen zaie Nafarroako Gobernuak 1.100 eurora arte osatzearen akordioa Eusko Jaurlaritzak ez onartzea EAErako. Azkenik, abenduaren 18rako manifestazio deia egin zuten.

Atzoko elkarretaratzean esandakoen artean, kritikatu egin zuten EiTB moduko erakunde publiko batek zahartze osasuntsua bultzatzea, eta, aldi berean, EAEko Gobernuko alderdiek pentsioak osatzearen aldeko Herri Ekimen Legegilea (HEL) eztabaidatzeari uko egitea. “HELaren onuradun diren 90.000 adineko pentsiodunek, batez ere emakumeek, dantza asko egin arren, gero eta arazo gehiago dituzte hilaren amaierara iristeko, osasun integrala, elikadura osasuntsua, etxebizitza erosoa eta mendekotasuna artatzeko ezinbesteko zerbitzuak eskuratzeko. Inork pentsa al dezake baldintza horietan zahartze osasungarria egin daitekeela? Arazo horiei aurre egingo al zaie aurtengo EITB Maratoiarekin?”, galdegin zuten.

Gaineratu zutenez, EiTBren aurtengo maratoiarekin batutako dirua Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioarendako izango da, “gobernuaren aurrekontuekin ordaindu beharko” litzatekeen eta “hartzaileen parte-hartzearekin ebaluatu beharko litzatekeen” programa batendako.

Pentsioen osagarria nahi

Bestelakoen artean, dei egin zuten abenduaren 18an Gasteizen izango den manifestazioan parte hartzeko. Bertan gutxieneko pentsioendako osagarria aldarrikatuko dute berriro. Jakinarazi zuten, 2026ko aurrekontuei begira, negoziazioak blokeatuta daudela eta “ulertezina” iruditzen zaie “1.100 eurora arte osatzen duen Nafarroako akordioa ez errepikatzea” EAEn. “EHPMk salaketa kanpainari eusten diogu”, esan zuten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.