Berritasunekin dator San Silbestre lasterketa

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 20a

Urteko azkeneko egunean San Silbestre lasterketa herrikoia egingo da aurten ere. Herenegun, martitzena, hasi ziren antolatzen Kirol Mahaiak deitutako batzar irekian, eta, iazko esperientzian oinarrituta, zenbait aldaketa proposatu dituzte. Batetik, iaz baino ordubete geroago hastea, 12:00etan, eta, herriari buelta bat gehiago ematea, ibilbidea luzatzeko. Bestetik, partaidetzari dagokionez, emakume gehiagok parte hartzea nahiko lukete eta, horrez aparte, lasterketa girotzeko, sari berezia emango diote mozorro onenari.

Iazko San Silbestre lasterketaren bidetik etorriko da aurtengoa, izaera herrikoiarekin eta ez lehiakorrarekin eta jai giroan egiteko asmoarekin. Baina berritasunak ere izango ditu.

Adibidez, berritasunetako bat da, jendea mozorrotuta parte hartzera animatzeko, mozorro onenari sari berezia emango diotela. Halaber, irteera orduan ere izango da aldaketa, iaz goizegi abiatu zelakoan, aurten, 12:00etan hastea proposatu dute.

Eta lasterketaren ibilbidea ere aldatu egingo dute, luzatu. Iaz baino itzuli bat gehiago egin nahi dute, sei guztira, iazko lasterketa motz gelditu zela ondorioztatu baitute.

Hori bai, iaz moduan, aurten ere Plaza Barrixan txokolatea, salda eta txorizoa banatuko zaie lasterketako partaideei.

Emakume gehiago nahi

Osterantzean, partaidetzari dagokionez, emakumeen partaidetza indartu nahi dute aurten. Horretan laguntzeko, asmoa da abenduan hasita emakumeen arteko entrenamendutxoak egitea. Antolatzaileek esan dute hitzorduak zehaztu ahala joango direla jakinarazten.

Azkenik, San Silbestre lasterketarako izen-ematea abenduan bertan zabalduko dute. Kiroldegian ipiniko dute izena emateko aukera, jendeari erraztasunak eman nahian. Horrez aparte, lasterketa egunean bertan ere posible izango da izena ematea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.