GUTUNA

Udal-arduradunei haizerroten gainean

Alex Garcia 2025eko azaroaren 15a

Karakaten ipini nahi zituztenak baino haizerrota handiagoak planteatu dituzte Irure ingururako.

Alex Garcia herritarrak ondorengo gutuna idatzi du Basalgoko haize erroten gainean, udal-arduradunei zuzenduta:

Noiztik dauka udalak Irure auzoko magalaren tontorrean 6 haizerrota ipintzeko asmoaren berri? Ekainetik? Proiektu hori gauzatuko balitz, interes eta energia asko mobitzeko helburua beteko litzake bai, baina ondorio txarrenak guretako lirakez. Egitekotan, zehazki eragingo dituen txikiziño, kalte eta arriskuak noiz azalduko jakoz herriari? Bi aste barru amaitzen da egitasmo horri alegazioak helarazteko epea. Ixa oraintxurarte ez da ezer jakin. Zergatik?
 
Eragin bortitzena eta desastre nagusia jasango dabe inguru hortako etxe, lursail, ur, animali eta landareek, jakiña.
 
Gure herria ez dago lautadetan, baina ez gaitxian larritxu. Lehen beste helduko da eguzkia Plazentziako plaza, kale, zubi eta etxeetako leihoetara egunero. Hori bai, sarri egiten daben ibilbidearen aurrean eta traban, 6 erraldoi mugikor betirako tente geratuko dira. Gero Shadow flickerra zer dan laster esplikauko dozkue eta hortarakotxe diran betaurrekuak be partidu. Espero sasoiz digitalki irudikatuta ikustea, teknikariek kalkulua landu ostean, Zubi-nagusitik edota Erregetxetik eongo litzaken panorama barrixa, eta baita Atxolin tontorra bera baino gorago jaikiko ete diran argitzea.
 
Parkeak aurrera egiten badu beraz, txikiziñoaz gain, paregabia eta bakarra da Plazentziak hor sarraskituko dabena, hain justu, bere zerutxoa. Trukian herriak jasoko dau aspa erraldoi hoietxen menpe egonaz, eta adornu modura hartzekotan, ba txori eta xaguzaharrak akabatzeko tranpia, Marraskillo tourrean inor ez galtzeko hesi, eguzki-erloju, mendi-peineta polita edo nahi dana. Lengo zarrak ikusiko balebe...
   
Herritik hain gertu eta baserri-etxe batzuen gainean, halako torreak ipintzea ez da onargarria. Kasu batzutan, haizerrotaren bat jausi ezkero, etxe batzuk azpian harrapatu ahalko litxuzke. Gerora energia ekoizteko izanda ere, eztao eskubiderik hoietxek hor kokatzeko, ez dalako leku egokia inundik inora. Lotsagarria da proposamena onartu izana eta pena da inguru horrek eremu megalitikoaren izendatze ta babesa ez eukitzea.
 
Azkenik, esan leike proiektua geldiarazteko giltz bat behintzat Plazentziak berak itxuraz badaukala. Hor dare, bere eremuko lurretako aldapa bildurgarri baten kokatu nahi dan haizerrota bakar hori, zorokeri hutsa dana, eta parkea gauzatuko balitz, inguru eta herriari suertauko jakozen oker haundiak. Proiektua deusezteko badare oinarri sendoak.
 
Dana dala, guzti hori bertan behera geratzen dan bitartian jarraitxu deigun trankil, gure elizako kanpantorriari uukadak antolatzen, gaba-baltzak egosten, txistulari eta guzti ugarra zer dan erakusteko armatoste zatarrak ipintzen, ibaiko presak dotore apaintzen...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.