Zapatuan, 09:30ean hasiko da hockeyko Liga jardunaldia Araneko frontoian eta 14:30ak arte honako partiduak izango dira:
- 09:30 Hot Shots Etxano vs Ixotu IK
- 10:30 Soraluzeko Marras vs Stadium Casablanca
- 11:30 Ixotu IK vs All Stars Zaragoza
- 12:30 Metropolitano HC vs Stadium Casablanca
- 13:30 Hot Shot Etxano vs Soraluzeko Marras
- 14:30 Metropolitano HC vs All Stars Zaragoza
Agurainekoekin batera
Asteburu honetan, Alebin mailako jokalariek dute hitzordua etxean, baina oro har, Marras Irristaketa Klubeko talde guztiak buru-belarri daude 2025-2026 denboraldian murgilduta irailaz geroztik, alebinak, benjaminak zein neskak. Eta Liga Out izeneko ez federatuetan ere ari dira lehian Marraseko jokalari beterano batzuk.
Aurtengo berritasunen artean, nesken taldea Agurainekoarekin elkartu da eta Marras-MIC taldea osatu dute. 15ean behin entrenatzen dute elkarrekin. Bi taldeak elkartzeko arrazoia izan da, ikasketak tarteko, Soraluzeko taldea kopuruz justu zegoela; halaber, Agurainen neska taldea atera nahian baina jokalari gutxirekin ere bazebilen; hori horrela, bi herrietako jokalariak elkartu eta hartara, denei zabaldu zaie jokatzeko aukera.
"Indartsu dago Marras"
Gainontzean, aurten, 30 bat hockey jokalari ditu Marras Irristaketa Taldeak. Iraitz Ibarzabal da kirol entrenatzaile arduraduna talde denetan; Julian Fernandez da, berriz, entrenatzaile Alebin mailan, Aiuri Gisasola Benjamin mailan, Irati Hernandez Benjamin mailan eta atezainekin eta Lur Salaberria da emakumeen entrenatzaile.
Marras klubetik esandakoaren arabera, indartsu dago Marras eta orain arteko bideari lotuta jarraitzeko asmoa dauka. Halaber, kirol hori probatu nahi dutenendako ateak zabal-zabalik dituztela azpimarratu dute: “Aurten kategoria gutxiago egon arren jokalari asko dago eta egitasmoarekin jarraitzeko indartsu dago Marras. Jokalariak disfrutatzeko eta ahalik eta eskaintza txukunena emateko lanean jarraitzen dugu. Herri txiki baten, kirol minoritarioa izanik ez da erraza baina aurten ere lortu dugu! Emakumeen kirolari lotuta hurrengo urteetan ere ekarpena egiteko bidean gaude. Soraluzetarrak gurera gerturatu eta probatzera animatu nahi ditugu. Bereziki txikienak, 2017koak”.