Nafarroan erdietsitako akordioari dagokionez, modu positiboan baloratu arren, argi-ilunak ere ikusten dizkiote. Adibidez, gutxieneko pentsio hori benetan jasotzeko, uste dute ezin zaiola “Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) erretentziorik aplikatu, eta horretarako ezinbestekoa dela PFEZtik salbuetsitako zenbatekoa gutxienez 17.000 eurora igotzea, gaur egun 14.500 eurotan baitago”.
Halaber, jakinarazi dute osagarria ez dela banaka aplikatuko. Horregatik, adierazi zuten “gutxieneko pentsio guztien, kotizazio gabekoak barne, benetako osagarria LGS -lanbide arteko gutxieneko soldatara- iritsi arte borrokan jarraitzeko borondatea aurreratzen” duela Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduak.
Bestalde, etzi, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata propioa eskatzeko sindikatuek aurkeztutakok Herri Ekimen Legegileari betoa jartzeko erabakia “justifikatzeko arrazoirik” ez dagoela uste dute, “eta eztabaidari uko egiteak EAEk, bere eskumenak erabiliz, bizi-baldintza duinak lortzeko gutxieneko diru-sarrera nahikoak bermatzeari uko egitea ezkutatzen” duela uste dute.
HELak "gobernuarentzat arazo"
Pentsiodunek zein sindikatuek aurkeztutako Herri Ekimen Legegileekin (HEL) izandako portaera ikusita, pentsiodunen mugimenduak uste du “Gobernuarentzat, EAJrentzat eta PSErentzat, HELak arazo” bat direla, “eta lehenbailehen paretik kentzea” erabaki dutela, “eztabaidatu ere egin gabe”. “Herritarrek ekintza politikoan eta gobernantza kooperatiboan parte hartzearen aldeko adierazpenak publizitate-kanpaina hutsak dira, eta paper bustian geratzen dira hitzetatik ekintzetara igaro behar denean”, diote.
Halaber, LGSaren aldarrikapena egiten dute eta jakinarazi dute hilaren 12an Bilbon egingo duten manifestazioan ere parte hartuko dutela pentsiodunen mugimenduek.