Soraluzeko Udalak alegazioak aurkeztuko dizkio Basalgoko parke eolikoaren proiektuari

Egoitz Unamuno 2025eko azaroaren 11

Basalgoko parke eolikoak sei aerosorgailu izango lituzke: hiru Bergaran, bi Eibarren eta bat Soraluzen. Elgetan ere izango luke eragina azpiegiturak: proiektuak aurreikusten du bertako lurretatik igarotzea parke eolikora ailegatzeko bidea. Soraluzeko Udalak iragarri du alegazioak aurkeztuko dizkiola proiektuari. 

Goienak jakitera eman duenez, Arena Power Solar 10 SLU enpresak –Madrilen eta Sevillan du egoitza– egin du eskaria eta, urriaren 17tik, ikusgai daude parke eolikorako aurkeztutako aurretiazko administrazio-baimen eskaera eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozedura arruntaren hasiera, hari lotutako azpiegiturenarekin batera; Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak jarri ditu jendaurrean.

Sei aerosorgailuk osatzen dute parke eolikoaren proiektua, eta horietatik hiru Debagoienean daude kokatuta; Bergaran, zehazki; bi, Eibarren; eta bat, Soraluzen. Bergarako lurretakoak Donejakue –Santiago ermita–, Topinburu eta Aingeru Guarda inguruetako parajeetan joango dira, enpresak aurkeztutako txostenean jasotako mapetan ikus daitekeenez.

Potentzia eta tamaina

Azpiegitura osoaren potentzia 28 MWkoa izango da, guztira: bost aerosorgailuk 4,99 MW-ko potentzia izango dute, bakoitzak; eta batek –Bergaran egitea aurreikusten direnetako batek–, 3,05 MW-koa. Tamainari dagokionez, aerosorgailu bakoitzaren dorreak 112 metroko altuera izango du; errotorearen diametroa 175 metrokoa izango da; eta 85,7 metroko hiru pala izango ditu. Egoitza nagusia Alemanian duen Nordex Group-en N175- 6.X modelokoak izango dira. Datu meteorologikoak jasotzeko, neurketa dorre bat egongo da, Soraluzen.

Proiektuak aurrera egiten badu, parkeak Elgetatik izango du sarrera, erdigunetik Eibarrerako bidean hiru kilometro aurrera eginda. Hain zuzen ere, Azurtza-Goimendi auzotik. Lanek eragingo dute Arrasateko lurretan ere.

Soraluzeko Udalak alegazioak aurkeztuko ditu

Soraluzeko Udalak jakinarazi duenez, harremanetan dago Eibar, Bergara, Elgeta eta Arrasateko Udalekin eta udalek eskatu ostean, onartu egin diete proiektuari alegazioak aurkezteko epea luzatzea, abenduaren 22ra arte. 

Joan zen barikuan, Bergarako eta Elgetako udal gobernuen izenean, Gorka Artola eta Ibon Unzetabarrenetxea alkateek alegazioak aurkezteko asmoa adierazi zuten Goienari egindako adierazpenetan: "Halako inpaktua izan dezaketen proiektuetan aukera hori betebehar bihurtzen dela uste dugu. Udalak, arduraz jokatuz, proiektua aztertu eta beharrezko alegazioak landuko ditu ikuspegi urbanistikoan edo ingurumenaren inguruan sumatu daitezkeen gabezien aurrean, eta halako proiektu batean oso zaila da akats edo gabeziarik ez izatea".

Soraluzeko Udalak bat egin du Bergarako eta Elgetako alkateek egindako adierazpenekin eta iragarri du alegazioak aurkeztuko dituela, beste udal batzuekin batera edo bere kabuz.

Eibarren ere arduratuta

EtaKitto.eus agerkari digitalak jaso duenez, Eibarren ere piztu da proiektuarekiko kezka eta batzar irekia egin zuten joan zen astean Eibarko Baso Biziak elkarteak deituta.

Batzar hartan ere, informazio falta salatu zuten eta aerosorgailuen tamainarekiko kezka helarazi zuten, altuera-euskarria 112 metro, eta guztira, 200 metro izango bailirateke. Beraz, Untzaga plazako (77 metro) dorrea ia hiru aldiz izango da aerosorgailu bakoitza. Beste haize errotekin alderatuz, Oizekoek, esaterako, guztira 60 metro dituzte  edo beste konparazio bat egite aldera, Karakaterako proiektuan aurkeztutako airesorgailuak txikigoak ziren -beheko grafikan Soraluzeko kanpandorrearekiko konparazioa-. 

Hain justu, tamaina horretako aerosorgailuak lekura eramateko egin beharreko obrarekiko kezka ere helarazi zuten, dokumentuetan jasota baitago Elgetan eta Azurtzan saihesbide bat egingo dutela materiala igaro ahal izateko. 

Alegazioei dagokienez, Eibarren ere, alegazioak modu bateratuan aurkezteko beharra ikusi zuten eta jakinarazi zuten Eibarko Udalak aurkeztuko dituela ikuspegi tekniko batetik alegazioak inpaktuak murrizteko eta neurri zuzentzaileak eskatzeko. Halaber, alegazio-epea luzatzeko eskatuko du herritarren parte-hartzea bernatzeko. Bi saio informatibo ere iragarri dituzte etzirako, eguena: Coliseo antzokian: 11:00etatik 13:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara elebitan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.