2026ko aurrekontuetan gutxieneko pentsioak osatzeko partida aldarrikatu dute

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 7a

Pentsioen alde plazan, astelehenean. Argazkia: Ander Gomez.

Datorren urteko EAEko aurrekontuetan gutxieneko pentsioak osatzeko partida aldarrikatu dute pentsiodunen mugimenduek, Soraluzekoak tartean. Gogora ekarri dute EAEk izango duen 16.400 milioi euroko aurrekontutik %86 soldata-errenten kontura izango direla eta uste dute “onartezina eta luzaezina” dela “bizi baldintza duinak lortu ezin dituzten adineko pentsiodunen arazoa”. Manifestazioa iragarri dute abenduaren 18rako.

“Beste behin esango dute inoizko aurrekonturik handienak direla, onenak, baina EAEn pobreziak gora egiten jarraitzen du, eta arazo sozialek ere bai”, halaxe adierazi zuten, besteak beste, asteleheneko elkarretaratzean. Halaber, %4ko igoera izango duen EAEko aurrekontuan, gutxieneko pentsioak osatzeko partida aldarrikatu zuten.

Gogora ekarri zuten aurrekontu horren %86 soldata-errentetatik datorrela, eta gainera, %10 igoko dela PFEZ Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bilketa; aldiz, “20 urte geldirik daramatzan Sozietateen gaineko Zerga % 14 jaitsiko da”, esan zuten.

Bestalde, berbagai izan zuten ere Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata propioa. Elkarretaratzean esan zutenez, hura blokeatuta dago eta EAEko Confebask eta Nafarroako CEN patronalek, gainera, arbuiatu ere egin dute. Egoera horren aurrean, beharrezko ikusten dute pentsiodun mugimenduen, sindikatuen eta bestelako kolektibo sozialen arteko mobilizazioa.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.