Oraingoan, banakoarekin konformatu behar

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 5a

Sorako Erregional Mailako taldeak berdindu egin zuen Ligako azken jardunaldiko partida. Mutrikuren kontra jokatu zuten haien etxean zapatuan eta oraingoan, zortea ez zuten aldeko izan. Batetik, mutrikuarren aldeko penaltia seinalatu zuen epaileak eta haiek sartu egin zuten gola, eta, bestetik, partiduaren amaiera aldera Sorak aukera garbiak sortu zituen arren, baloiak ez zuen mutrikuarren sarean sartzerik nahi izan. Asteburu honetan, etzi, barikua dute hitzordua, Elgoibarren.

Suabe samar hasi zen Mutrikuren eta Soraren arteko zapatuko partidua. Zelaian batera eta bestera ibili ziren biak ala biak, arrisku larregi sortu barik.

Baina bigarren zatia hasi eta berehala aldatu zen panorama. Epaileak Mutrikuren aldeko penaltia seinalatu zuen 46. minutuan eta haiek sartu egin zuten gola.

Kontrako markagailuaren aurrean, segituan indartu zuen erasoa Sorak eta 54. minutuan ia-ia berdinketa lortu ondotik (bideoan), hortik minutu eskasera Soraren alde izandako korner batetik etorri zen Markel Gilen gol ikusgarria eta etxekoen berdinketa.

Hortik eta partidua bukatu arte, ahaleginean segitu zuen Sorak eta aukerak ere izan zituen, baina banakoarekin konformatu behar izan dute oraingo honetan.

Hurrengo hitzordua etzi, barikua, dute. Mintxetan jokatuko dute Elgoibar taldearen kontra, ezohiko egunean eta orduan, barikuan, 21:15ean hasiko baita norgehiagoka. 

Azken jardunaldiko berdinketaren ondoren, hirugarren doa Sora sailkapenean, aurrenengo biekiko puntu bakarrera. Elgoibartarrak, berriz, bosgarren doaz, Sorarengandik 4 puntutara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.