“Ezin da gehiago luzatu”

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 4a

Hilabete amaierarekin batera, barikuan egin zuten euskal presoen aldeko elkarretaratzea eta bertan azpimarratu zutenez, konponbidea “ezin da gehiago luzatu”. Gogora ekarri zuten “ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuenetik ia 15 urtera, oraindik orain, ondorio batzuk korapilatuak” jarraitzen dutela eta ez dela hori “nazioarteko beste hainbat herrialdetan eman diren gatazken logika”. Egoera onbideratzeko “konponbide eta borondate politikoak” eskatu zituzten. Halaber, urtarrilaren 10ean Bilbon egingo den manifestaziorako lanketa hasi dela jakinarazi zuten.

Barikuko elkarretaratzearen bitartez, “salbuespen lege eta politikak alde batera uztea” eskatu zuten “preso, iheslari eta deportatuen auziak konponbide azkar bat” izan dezan. “Salbuespena ezin da gehiago luzatu, sufrimenduak ezin dira gehiago luzatu, konponbidea, bakea eta elkarbizitza behar bat dira gure herriarentzat.”

Datutan, esan zutenez, “egun zigorrak betetzen ari diren 125 euskal presoetatik 66 dira zigorrak erregimen irekian betetzen ari direnak, hau da, egunerokotasunean kalea zapaltzen ari direnak”, baina aldi berean, uste dute “zigorrak erregimen itxian” betetzen ari diren presoen kopuruak “are txikiagoa” beharko lukeela “beste edozein arrazoirengatik espetxean dagoen edozeini aplikatzen zaizkion lege eta espetxe politikak aplikatuko balitzaizkieke euskal presoei (…) Eta mahai gainean jarri zuten ere 14 iheslarien eta hiru deportatuen egoera. “Izan ere, salbuespen lege eta espetxe politika horrek sufrimendu izugarria utzi du eta uzten ari da”, esan zuten.

Adibide modura jarri zuten Jakes Esnalen kasua, “2022ra arte, 32 urtez espetxean, baldintza gogorretan” izandakoa, eta baita ere 46 urtez iheslari izan den Martin San Sebastianen kasua ere, biak ala biak zendu berriak; ildo horretan, “babesa eta maitasuna” adierazi zieten haien familia eta lagunei.

Bilbon manifestazio nazionala

Amaitzeko, jakinarazi zuten hasi dutela urtarrilaren 10ean Bilbon egingo den manifestazio nazionalerako lanketa eta lan horretan parte hartzeko gonbidapena egin zuten, “berriz ere milaka izan gaitezen herritar aktibo, elkarbizitzaren, bakearen zein preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko auzolan erraldoian”. Bilboko aurtengo hitzorduaren leloa horixe izango da “Ezin da gehiago luzatu”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.