Avanzak (Lurraldebus) aurre-akordioa adostu du langileen ordezkariekin

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 28a, 08:35

Avanza enpresak aurre-akordioa adostu du langileen ordezkariekin. Behin hura sinatuta, lanerako ordu kopurua murriztu eta langileek, urtean 170 lanordu gutxiago izango dituzte. ELA sindikatuak prentsa oharrean jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariordetzak aurre-akordioa egin, ELAk langileen batzarrera eraman eta langileen %75ak berretsi egin du berau.

ELA sindikatuak helarazitako xehetasunen arabera, enpresaren eta sindikatuko ordezkarien artean lortutako aurre-akordioari esker, Avanza izango da, Lurraldebusek dituen azpikontratatutako enpresen artean, 1.592 orduko urteko lanaldia aplikatuko duen enpresa bakarra.

Soldatei dagokienez, berriz, sindikatutik esan dutenez, % 12,1eko atzerapenak ordainduko dira, eta bermatuko da KPIaren gehi gutxienez % 1ko igoera. “Gainera, gidari guztiek lan-baldintza berberak izango dituzte, eta lehen aldiz, lan poltsa bat sortuko da behin-behineko pertsonentzat. Nabarmentzekoa da, halaber, txanda-kontratua iraunkorra izango dela”.

ELA sindikatutik gogorarazi dute akordio hori 24 greba egunen ostean eta “greba mugagabea deitzeko atarian” zeudela lortu dela.

Hain justu, ELA eta UGT sindikatuek sinatuko dute aurre-akordioa, LAB eta AURRERA sindikatuek, berriz, ez dute berau onartu. ELAtik emandako azalpenen arabera, langileen %75ak bozkatu zuen aurre-akordioa sinatzearen alde eta ELAk eta UGTk gehiengo horren erabakia ontzat eman du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.