Lider segitzen du Sorak

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 27a, 18:56

Zapatuan, beste garaipen bat poltsikoratu zuen Sora Futbol Taldearen lehen ekipoak, 4-2 irabazita Usurbil taldeari. Nasai-nasai garaitu behar zutela zirudienean, Usurbil taldekoek bi gol egin zituzten nahiko jarraian eta horrek estuasuntxoren bat eragin zion etxeko taldeari, nahiz eta azkenean markagailuaru eustea lortu eta gol-aukera gehiago ere sortu zituzten etxekoek. Hartara, hiru puntuak eskuratuta, lider segitzen du Sorak.

Baloia ate batetik bestera ibili zen zapatuko partiduaren hasieran. Bi taldeek izan zituzten markagailua aurreratzeko aukerak, baina Sora ibili zen finago eta 23. minutuan sareratu zuten lehena (Urko Iriondok), hiru minutu geroago bigarrena (Aitor Estevezek) eta atsedenera ailegatu baino lehen hirugarrena (Oihan Larrañagak).

Bide beretik segitu zuten atsedenaren ondoren eta 57. minutuan laugarrena sartu zuten etxekoek (Aitor Viciosak). Dena eginda zegoela zirudien. Baina hutsune bat aprobetxatuta, gola sartu zuten Usurbilekoek 69. minutuan eta hamar minutura egin zuten bigarrena. Momentutxo batez, estuasuna sumatu zen etxekoen artean, baina besoak altxa eta Usurbilekoen erasoei eusteaz aparte, gol-aukera gehiago ere sortu zituzten.

Hiru puntuak eskuratuta, taldeko lider segitzen du Sorak. Hurrengo bi ekipoak puntu bakarrera ditu, hori bai. Hurrengo jardunaldia Mutrikuren kontra dauka etxeko taldeak, domekan, 17:30ean, Mutrikun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.