Gaba Baltza

Gaba Baltza ospatuko dela iragartzeko bideoa prestatu dute

Erredakzioa 2025ko urr. 22a, 15:10

Urriaren 31n, barikua, Gaba Baltza ospatuko da herrigunean, bereziki ume eta familien gozagarri. Domeka honetan, berriz, Gaba Baltzari lotutako tailerrak izango dira. 

Musika eskolako artista txiki eta handien parte-hartzeari esker, Gaba Baltza iragartzeko bideoa osatu du egun berezia antolatzen diharduen Aisialdia Alkarrekin taldeak. Bertan, egitarauari buruzko oinarrizko informazioa ematen da eta Gaba Baltzeko kantuaren karaokea ere badator. Herrian ospakizun honi bultzada ematea dute helburu eta ekimen batzuk antolatuko dituzte, herriko hainbat eragilerekin batera.

Urriak 26, umeendako tailerrak

Datorren domekan tailerrak egingo dituzte kiroldegiko Kulturgunean 12 urte bitarteko ume eta gaztetxoentzat. Gaba Baltzerako mozorroak, makillajea eta apaingarriak prestatzeaz gain, gauari lotutako sukaldaritza saioa izango dute eta Gaba Baltzean dantzatzeko dantza bat ikasteko aukera ere bai. Txikienek gurasoekin jolas librean aritzeko gunea izango dute.

Urriak 31, Gaba Baltzaren ospakizun nagusia

Datorren astean xehetasunak emango dituzten arren, hilaren 31n arratsaldeko 18:00etarako Ibilbide Misteriotsua prestatu dute ume eta familientzat, Plaza Barritik hasita. Ibilbidearen bukaeran sua erdigunean dutela, beldurrak erreko dituzte, Gaba Baltzeko kanta abestu eta gaztaina erreak jango dituzte, besteak beste. Ondoren, taberna eta dendetan zehar eskean aritzeko tartea egongo da, Lekittoko Deabruen emanaldia hasi bitarte. "Akelarre" izeneko ikuskizun piroteknikoa eskainiko du Lekeitioko taldeak, 20:30ean hasita.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.