Aurrekontuaren %1,4 litzateke Herri Ekimen Legegilearekin eskatutakoa

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 21a, 11:03

Atzo, gutxieneko pentsioa eta gutxieneko soldata parekatzeko osagarriaren kostua izan zuten hizpide pentsioen aldeko elkarretaratzean. Esan zutenez, aurrekontuaren %1,4 beharko litzateke hori egiteko; bestela esanda, horixe dela Herri Ekimen Legegilearekin eskatzen zutena. Eta, gezurtatu egin zuten horrek finantza publikoen iraunkortasuna arriskuan jarriko zukeenik. Halaber, gogora ekarri zuten aurrekontuari ekarpen handiena pertsonek egiten diotela eta ez enpresek. 

Atzoko elkarretaratzean, parez pare jarri zituzten pertsona fisikoek eta sozietateek ordaintzen dituzten zergak; pertsonek bildutakoaren %75,6 eta sozietateek %9,8. Azpimarratu zuten “langileek, pentsiodunek eta bestelako herritarrek zergekin ekarpen handienak” egiten dituztenak izateaz gain, eurengandik eskuratzen dituztela “plusbalioak eta etekinak diru-edukitzaile handiek”.

Hori horrela eta ikusita “enpresariek, bankariek, multinazionalek mozkin izugarriak” dituztela, gogorarazi dute “irabazi eta fortuna handien zerga-bilketa justuagoa balitz eta lortzen dituzten diru-sarreren araberakoa, eta beren zergak saihesteko erabiltzen dituzten paradisu fiskalak ezabatuak balira”, ez litzatekeela arazorik izango pentsioak, baita gutxienekoak ere, ordaintzeko.

Gaineratu zuten Herri Ekimen Legegileari ezezkoa eman dioten arren, horren alde borrokan segituko dutela eta mobilizazio gehiago iragarri zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.