Salatu zuten El Diario Vascok "kanpaina sistematikoa" egiten duela pentsiodunen kontra

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 16a, 17:29

Pentsiodunen aste honetako elkarretaratzean El Diario Vasco izan zuten jomugan. Salatu zuten komunikabide horrek kanpaina sistematikoa egiten diharduela pentsiodunen aurka. Labur esanda, uste dute Diario Vascok politika propagandistikoa egiten duela, eta haren ildo editorialak eskuinaren eta eskuin muturraren interesak bilatzen eta errazten dituela. Komunikabide horretan argitaratutako zenbait esani aurre egin eta gezurtatu ere egin zituzten.

Besteak bete, irailaren 28an argitaratutako “Zahartzaroa, aparteko altxorra!” izenburupean argitaratutako artikuluari egin zioten erreferentzia. Kontatu zutenez, artikuluan nabarmentzen zen pentsiodunek ondo bizitzeko aukera ematen duten pentsio duinak dituzten bitartean, lanean ari diren belaunaldi gazteek soldata baxuagoak jasotzen dituztela eta ezin dituztela euren oinarrizko beharrak bete.

Alderaketa hori ez dela bidezkoa adierazteaz aparte, pentsiodunek salatu zuten halakoak esan bai baina sekula ez dutela galdetzen eta azaltzen desberdintasun horren zergatia zein den, ezta zergatik ezartzen duten datu konparatibo hori ere. Esan zutenez, ahaztu egiten zaie pentsioak lan urte luze eta gogorretan egindako kotizazioen ondorio direla eta gazteen soldata baxuak izateaz bat enpresariak irabaziak ari direla lortzen, hain justu, langileen baldintzen bizkar.

Salatu zuten, baita ere, komunikabide horren esanetan Gizarte Segurantzaren sistema publikoa jasanezina dela, eta ezin zaiola aurrekontuen bitartez aurre egin. Horren aurrean, pentsiodunek gogorarazi zuten aurrekontuetako diru sarrera gehienak langileek, pentsiodunek eta gainerako herri-sektoreek ordaintzen dituztela, eta eskubidea dutela horietako batzuk euren gizarte beharretara itzul daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.