Palestinarekiko elkartasun mobilizazioak

"Orain inoiz baino gehiago, begi eta indar guztiak Palestinarengan jarri behar ditugu"

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 15a, 21:22

Oso jendetsua izan da iluntzean Palestinaren alde egin den manifestazioa. Parte hartu dute 200 herritarrek baino gehiagok. Herriko denda eta tabernak itxita zirela, Plaza Barritik abiatu eta Gabolatsetik kiroldegiko pasealekura egin du protestaldiak, zubitik eta Santa Anatik buelta egin ondoren, Plaza Barrixan bukatzeko. Bertan, komunikatua irakurri dute euskaraz, espainolez eta arabiarrez. Palestinan egin duten hondamendia eta genozidioa salatzeaz gain, ohartarazi dute su-etenaren hauskortasunaz eta azpimarratu dituzte Israel isolatu beharra eta palestinarrak babesteko premia. Tapia eta Leturiaren Wafa abestiarekin amaitu dute ekitaldia. 

Ekitaldia amaitu baino lehen, Yallah Soraluzeko kideek jakinarazi dute urriaren 25ean Palestinaren aldeko manifestazio nazionala egingo dela Bilbon eta Soraluzetik autobusa antolatu nahi dutela. Eskatu dute bertaratu nahi duenak ahalik eta lasterren eman dezala izena Iratxo goxo-dendan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.