Palestinarekiko elkartasun mobilizazioak

Greba bai, lanuzteak gutxiago

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 15a, 13:04

Jarraipen gorabeheratsua izaten ari du greba-lanuzteak. Hezkuntzako grebak Institutuan jarraipen handia izan du, eskolan erdia eta Haurreskolan eta Soraluzeko Musika Eskolan erabatekoa. Lantokietako lanuzteei dagokienez, Udala (brigada barne), herritarren arreta zerbitzua eta udal liburutegia itxi egin dituzte, egoitzan gutxieneko zerbitzuekin ari dira, anbulatorioan pediatrak bat egin du protestarekin eta tailer gehienetan langile bakoitzak erabaki du zer egin. Dendari-tabernariek, berriz, normal dihardute. Aurreikuspena da iluntzean itxiko dituztela ateak, manifestazioaren bueltan. Manifestazioa 19:30ean abiatuko da Plaza Barritik.

Gaur, berriro ere ikasle, langile eta bestelako herritar asko protestan ari dira Palestinarengatik. Izan ere, gizarte zibilaren aldetik, behintzat, Palestinan egiten ari direnaren aurkako gaitzespena geroago eta argiagoa eta indartsuagoa da.

Horrexegatik, askok erabaki dute gaurko deituta zeuden protestekin zela edo hala bat egitea. Hori bai, jarraipena gorabeheratsua izaten ari da, entzuten ari diren komentario askoren arabera, gaurko protesta deialdia ez da oso argia izaten ari eta bakoitzak bere erara egitea erabaki du.

Horren eraginez, lanuzte orokorra 11:00-14:00etara deitu duten arren, mobilizazio nagusiak iluntzean direnez, adibidez, Soraluzeko saltoki-taberna gehienek, ixtekotan, iluntzean itxiko dute eta eguerdian normal jardun dute.

Goizean elkarretaratzeak

Aldiz, goizean greba edo lanuztea egitea erabaki dute beste hainbatek, baina herrian bertan mobilizaziorik ez zegoenez deituta, inprobisatu eta kontzejupean, GOL lantegiaren aurrean eta egoitzaren aurrean, behintzat, elkarretaratzeak egin dituzte eta zenbait herritar ere batu da, batik bat, udaletxepean egindakora.

Osterantzean, Soraluze BHI Institutuan irakasleen %86ak bat egin du grebarekin, irakasle batek, berriz, greba barik lanuztea egin du, baina hori zenbatuta, Institutuko langileen jarraipena %89koa izan da. Institutuko ikasleei dagokienez, %80 ez da eskolara joan.

Plaentxi Eskolari dagokionez, irakasleen %52ak babestu du greba eta “normalean baino ikasle gutxiago” joan dira. Bestalde, eskolako jantokia zabalik dagoen arren, begirale gutxiago bertaratu dira.

Haurreskolari dagokionez, berriz, erabateko jarraipena izan du grebak eta gutxieneko zerbitzuekin ari dira lanean. Azkenik, Soraluzeko Musika Eskola itxita egongo da.

Eta Soraluzeko Udalean, itxi egin dituzte ateak liburutegiak, harrera zerbitzuak eta udaletxeak berak. Eta 11:00etan hastekoa zen hitzaldi bat orduz aldatu egin dute lanuztearekin bat egiteko. Bestalde, arratsaldean ere, liburutegiak eta ludotekak 19:00etan etengo dute beren jarduna. Eta erakusketa aretoa itxita izango da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.