Palestinarekiko elkartasun mobilizazioak

Bihar, greba, lanuzteak eta mobilizazioak Palestinaren alde

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 14a, 12:12

Bihar, urriak 15, greba eta lanuzteak daude deituta Langileok Palestinarekin leloarekin. LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuek egin dute deialdi hori. ELA sindikatuak, berriz, berea egin du, Israelen kontrako boikota eskatuz. Soraluzen, Institutuko 3. eta 4. mailako 87 ikasleetatik 84k bozkatu du grebaren alde. Haurreskolan ere greba egingo dute. Bestalde, Bizikaleko merkatariek eta tabernariek 19:00ak aldera itxiko dituzte negozioak, izan ere, Soraluzen, 19:30ean manifestazio zaratatsua abiatuko da Plaza Berritik. Udal zerbitzuek, berriz, oraindik ez dute jakinarazi zer egingo duten.

Sindikatuek deitu dituzte Palestinaren aldeko biharko mobilizazioak. Besteak beste, aldarrikatuko dute “genozidioarekin negoziorik ez” dela egin behar eta eskatuko dute “Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresei eta patronalari, oro har, hausnarketa etikoa” egiteko, eta “ez dezatela inolako jarduera komertzialik garatu Palestinan genozidioarekin konplize diren edo nazioarteko legedia urratzen duten enpresa edo erakundeekin”.

Ikastetxeetan zer

Soraluzeri dagokionez, hezkuntzan, oraingoz Institutuan egin dute bozketa eta 3. eta 4. mailako 87 ikasleetatik 84k alde bozkatu dute. Irakasleei dagokienez, berriz, egunean bertan jakingo da zein izan den jarraipena.

Plaentxi Eskolan gaur aztertuko dute egoera, baina han ere, egunean bertan jakingo da zein izango den langileen jarraipena.

Eta Haurreskolari dagokionez, greba egingo dute eta zerbitzu minimo modura hezitzaile bat izango da bertan.

Udala, Bizikale eta lantegiak

Bestelako zerbitzuei dagokienez, Udal zerbitzuek oraindik ez dute jakinarazi zer egingo dute.

Osterantzean, Bizikale Markatari Elkartea osatzen duten bazkideek ere egin dute hasierako irakurketa eta oraingoz, erabaki dute 19:00ak aldera itxi egingo dituztela euren negozioak.

Eta herriko lantegietan, batzuek gaur erabakiko dute zer egin; beste batzuek erabaki dute langilearen esku lagatzea lanuztearekin bat egin ala ez (oraingo honetan deialdia ez delako loteslea) eta akaso lantegian bertan elkarretaratzeren bat egitea eta beste hainbatean ez dute lanuzterik egingo.

Iluntzean manifestazioa

Mobilizazioei dagokienez, eguerdian hiriburuetarako deitu dituzte manifestazioak. Soraluzen, berriz, iluntzerako dago deituta. 19:30ean abiatuko da Plaza Barritik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.