Dagoeneko 200 lasterkari pasa Antxintxika krosean

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 14a, 10:45

Korrikalariak abiatu berri, iaz.

Dagoeneko 216 partaidek eman du izena azaroaren 1ean jokatuko den XIX. Antxintxika Kroserako, horietatik 8 dira soraluzetarrak. Urriaren 31ra arte dago izena emateko aukera, kirolprobak.com. atarian. Soraluzetik abiatuko da lasterketa eta Bergaran helmugaratu. Iaz moduan, korrikalariek 10 kilometroko ibilbidea egingo dute, bidegorritik zatirik handiena. Antxintxika Triatloi Talde antolatzaileak opari potoloak iragarri ditu sari banaketaren ondoren zozketatzeko.

Udazkeneko hitzordu handietako bat izaten da Soraluzen hasi eta Bergaran bukatzen den Antxintxika krosa.  Ehunka kirolari erakartzen ditu, handbikelariak, patinatzaileak eta batez ere, korrikalariak. Eta haien artean, punta-puntako korrikalariak elkartzen ditu herri mailakoekin batera.

Iaz, esaterako, 480 partaide abiatu ziren Etxaburueta kaletik. Eta aurten, dagoeneko 216 lagunek eman du izena, horietatik 8 dira soraluzetarrak. Antxintxika Triatloi Taldeko Eneritz Urrutiak esan duenez, normalean baino azkarxeago doa izen-ematea, akaso aurten azaroaren 1a ez delako zubia.

Kontuak kontu, oraindik ere bada izena emateko aukera. Urriaren 31ra arteko epea dago horretarako, kirolprobak.com helbidean. 19 euro da inskripzioa.

16:30ean Etxaburuetatik

Lasterketa azaroaren 1ean, 16:30ean hasiko da. Handbikelariak izango dira abiatzen lehenak. Haien ondoren, 16:45ean abiatuko dira patinatzaileak eta 17:00etan korrikalariak. Iaz moduan, aurten ere 10 kilometro borobil izango ditu lasterketak korrikalariendako.

Helmuga Bergaran izango du, Irala kalean. Ondorengo  sari-banaketaren harira, antolatzaileek eskatu dute jendea inguruan geratzea, zozketa politak eta sari potolo batzuk izango baitira, adibidez, korrika egiteko gama altuko pare bat zapatilla eta pare bat saski produktuz beteta. Eta ohartarazi dute saria jasotzera azaltzen ez denak ez duela saririk izango eta berriro egingo dela zozketa. Opari txikiak, berriz, dortsal banaketekin batera banatuko dituzte.

Urrutiak korrikalariak animatu ditu lasterketan parte hartzera eta eskerrak eman dizkie lasterketaren babesleei, bereziki, denda txikiei, Soraluzeko kasuan, Aritz Laskurain osteopatari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.