Pareko samar hasi zen zapatuko norgehiagoka Azpeitiko Garmendipe zelaian. Bi taldeak zelairatu ziren golak lortzeko gogotsu, eta egon ere, alde bietan egon ziren gol-aukera garbiak.
Partiduaren 30. minututik aurrera aldrebestu zen egoera. Bata bestearen atzetik bi falta argi egin zituen Azpeitiko jokalari batek eta txartel hori bikoitza atera zion epaileak; hartara, bat gehiagorekin geratu zen Sora.
Baina gutxi iraun zien indarraldiak, bost minutu eskasera, epaileak Soraren kontrako penaltia seinalatu eta Diawoye Diarra Azpeitiko jokalariak gol bilakatu zuen hura.
Jonperen berdinketa
Hortik aurrera, saiatu eta saiatu egin zen Sora, baina ez zuen lortu errematerik gauzatzea 46. minutura arte. Atsedenetik bueltatu berritan etorri zen etxekoen berdinketa, Jon Perez Iriondoren eskutik. Hala ere, hortxe geratu zen markagailua, banakoarekin amaierara arte, nahiz eta partidu intentsua jokatu. Horren erakusle, guztira, 10 txartel hori izan ziren norgehiagokan, tartean, Iokin Arrillaga entrenatzaileak ere ikusi zuen bat.
Sailkapen orokorrari dagokionez, hirugarren dago Sora, lehenengo doan Elgoibarrekiko bi puntutara. Hurrengo hitzordua zapatuan, urriaren 18an dauka, sailkapenean azkenengo doan Orioko taldearen kontra.