Hego Euskal Herriko ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek lanuzte orokorrak deitu dituzte urriaren 15erako (eguaztena).
Ondorengoa da sindikatuek lanuzteak egiteko planteatu duten ordutegia:
- 03:00-06:00 / 19:00-22:00 Lanuztea txandaka egingo dutenen kasuan.
- 11:00 Mobilizazioak lantokietan.
- 11:00-14:00 Lanuzte nagusia.
- 12:30 Manifestazioak hiriburuetan. Donostiakoa, Bulebarretik abiatuko da.
Hezkuntza sisteman, berriz, LAB eta STEILAS sindikatuek egun osoko lanuztea deitu dute; ELAk ere bai, Galizako CIG eta Kataluniako Intersindikalarekin batera.
Iluntzean, elkarretaratze burrubantsuak
Bestalde, Gernika Palestina Herri Ekimenak bat egin du sindikatuen deialdiarekin eta herritarrak herriz-herri elkarretaratze burrunbatsuak egiteko deia zabaldu du, iluntzeko 19:30ean, udaletxeen parean.
Yallah Soraluzek bat egin du deialdiarekin eta, eguaztenean, arratsaldeko 19:30ean, Plaza Barritik irtenda herrian zehar egingo duen elkarretaratze burrunbatsu ibiltarian parte hartzera gonbidatu ditu plazentziatarrak.
Langileriaren elkartasuna
Lanuzte eta mobilizazio hauen bidez sindikatuek "langile klase osoaren elkartasuna" adierazi nahi diete palestinarrei eta bultzada eman, "su-etena gauzatu eta Palestinaren kolonizazioarekin amaitu dadin". "patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro" etetea eskatuz. "Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu", ohartarazi dute. "Europar Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Hitzarmena osorik" etetea ere eskatuko dute.