Gaur elkarretaratzea, datorren astean Palestinaren aldeko lanuzteak eta greba daude deituta

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 9a, 12:45

Soraluze BHI Institutuko irakasle talde batek deituta, bigarren astez jarraian Palestinaren aldeko elkarretaratzea egin da Plaza Barrixan. DBHko 3. eta 4. mailako hainbat ikasle, Institutuko irakasle nahikotxo, zenbait guraso eta pentsiodunen elkarteko zenbait kidek bat egin dute mobilizazioarekin. Datorren asterako, berriz, hiru orduko lanuzteak zein egun osoko grebak daude deituta lantokietan eta hezkuntza sistema osoan, urriaren 15erako.

Bonbardaketa-sirena hotsek inguratuta egin dute gaur goizean Palestinako genozidioa salatzeko elkarretaratzea Plaza Barrixan. 40-50 lagun inguruk parte hartu du, ikasle-irakasleen kasuan, bakoitzaren ordutegiak lagatakoaren arabera egokituz presentzia.

Bestalde, datorren asterako LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek mobilizazioak zein lanuzteak deitu dituzte.

Langileei dagokienez, 11:00etatik 14:00ak arteko lanuzte orokorrak deitu dituzte, eta bestelako hiru orduko lanuzteak proposatzen dituzte txandakakoentzako -03:00-06:00 eta 19:00-22:00- zein goizeko lanaldia 15:00etan amaitzen dutenentzako -11:00etatik 15:00etara-.

Bestalde, hezkuntzan, haur eskoletatik hasi eta unibertsitate mailaraino, egun osoko greba deitu dute LABek, Steilasek, ELAk eta Ikasleen sindikatuak.

  • Protestek honako helburu orokorrak dituzte:
  • Langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriarekin. 
  • Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea. 
  • Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatzea, eta horrek langile palestinarren lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak. 
  • Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzea eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzea. 
  • Patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro eteteko eskatzea. Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu. 
  • Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik eten dadin eskatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.