Erasoan eta etengabe Axularren atearen bila hasi zuen Sorak zapatuko partida. 21. minutuan etorri zen lehen gola; ttak! dotore eta xuabe sartu zuen Iker Urkirik hura.
Baina, gutxi iraun zien pozak etxeko mutilei, 25. minutuan epaileak gorria atera baitzion Unax Sudupe atezainari, epailearen arabera, baloia eskuarekin oztopatu eta Axularren gol-aukera garbi bat eragoztearren. Hala ere, falta hura ez zuen Axular taldeak sareratu eta Sorak lortu zuen aldeko markagailuarekin ailegatzea atsedenaldira.
Gol bat hamar minuturo
Bigarren zatian, berriz, gol festa etorri zen. Soraren aldeko penaltia seinalatu zuen epaileak 47. minutuan eta Jon Perezek markatu egin zuen Soraren bigarrena. Hor jada guztiz gora etorri eta hamar minuturo gol bat sartu zuen Sorak, 51. minutuan Jon Perezek, 61. minutuan Danel Soutullok eta 77. minutuan Antxon Zubiaurrek.
Baina gainera, gehiago ere izan zitezkeen. Sorak aukera mordoa izan zituen eta 88. minutuan Axular ere bat gutxiagorekin geratu zen, beste txartel gorri bat tarteko.
Iokin Arrillaga entrenatzailearen esanetan, Ezozikoa futbol zelai txikia da eta ez da “horrenbeste” igartzen bat gutxiago izatea. Hala ere, entrenatzaileak gaineratu du, bere ustez, “fisikoki gehiago” izan zirela eta “horrek diferentzia markatu” zuela.
Orain, etxeko taldea bigarren doa sailkapen orokorrean. Baina gol-averageari esker da hori, ze lehen sei taldeen artean puntu bakarreko aldea dago. Hurrengo asteburuan, berriz, Azpeitin jokatuko du, Ikasberriren kontra, zapatuan, 15:30ean.