Marraskilo Tour borobila

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 5a, 10:02

Atzo, zapatua, ezin borobilagoa izan zen Marraskilo Tourren XVII. edizioa. Eguraldiak enkarguzkoa zirudien, mendia eder-eder ikusten zen eta azken urteotako jendetsuena izan zen atzoko partaidetza. Galdetutakoen esanetan, oso ondo, oso pozik eta primeran ibili ziren. Argazkiak: Maialen, Idurre, Amagoia, Ainhoa, Maddi, Koldo eta Ubane.

Aurreikuspenek zioten atzoko Marraskilo Tourren mendizale asko ibiliko zela eta halaxe izan zen. Ibilbide luzea egitera online baino 10 bat lagun gehiago animatu eta 45 inguru izan ziren 35 kilometroak egin zituztenak.

Korrika joan ziren batzuk, iazko denbora gainditzera beste batzuk eta beste barik mendiko ibilaldiaz eta parajeez gozatzera beste hainbat. Hori bai, partaide gehienak izan ziren gazteak eta sasoiko daudenak. Ohi denez, 08:00etako taldeko mendizaleekin elkartu eta gainditu ere egin zituzten ibilaldi luzea buru-belarri egin zutenek, gainerakoen txalo artean.

08:00etako taldeari dagokionez, ibilbide “txikixa” egiteagatik, ez ziren atzean geratu. Talde handian denetik egon zen, gazteak, helduak, umeak, beteranoak, kuadrillak, familiak… Hasierako kalkuluen arabera, 130-140 lagun inguruk parte hartu zuen 20 kilometroko ibilbidean.

Mendia, anoa puntuak... dena primeran

Gogotsu ekin zioten goranzko bideari, hasierako etxafuegoa jaurti baino lehen joan ziren udaletxeko aldapan gora, 08:00etako kanpaiak jo eta beste ezeri itxaron barik. Hasierako bidezidorretako inbutua gaindituta, San Andrestik gora sakabanatuago joan zen taldea, bakoitza bere erritmora, batean batarekin, bestean bestearekin berriketan.

Kanpoko bisitariak ere erakarri zituen Soraluzeko Mendi Ibilaldiak; izan ziren eibartarrak edo azkoitiarrak, adibidez eta izan ziren ere, kanpoan bizi diren soraluzetar asko. Azken batean, Marraskilo Tour bilakatu da askorendako urteroko hitzordu esanguratsu horietako bat.

Antolaketari dagokionez, bideak garbi, ondo seinaleztatuta eta luxuzko anoa puntuak zituena prestatu zuten. Mendi ibilaldia ez balitz, anoa puntuetan geratu eta bertan bazkaltzeko moduko eskaintza ipini zuten: Iñarrak egindako salda, txorizoa, Egotzako gazta, txokolatea, fruitu sikuak, laranjak, platanoak, sagardoa, ardoa, ura, Aguarius eta Coca-cola.

Eta eguraldiari dagokionez, hego haize epela, zeru oskarbiak, laino gorri-zuriak eta eguzkia lagun izan zituzten mendizaleek, 14:00ak inguruan euria hasi zuen arte. Ordurako, baina, gehienek bukatuta zuten Marraskilo Tourra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.