150 mendizale pasa ibiliko dira bihar Soraluzeko mendietan

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 3a, 16:01

Marraskilo Tourrek izan dituen kamisetak. Bilduma-egilea: Mikel Valero.

Gaur goizean, Marraskilo Tourren ibilbideetako azken markajeak ipintzen ibili dira ekimenaren antolatzaileak. Bihar, berriz, 05:30erako “edo lehentxeago” izango dira Plaza Barrixan, ibilbide luzea egingo duten mendizaleen zain. Lehen taldea 06:00etan abiatuko da eta bi ordu geroago, berriz, irtengo da talde handia. Online, 150 lagunek eman du izena, baina bihar ere apuntatu daiteke, beraz, pentsatzekoa da kopuru hori handitu egingo dela.

Bihar, XVII. Marraskilo Tour egingo da herriko mendietan. Ekimenaren antolatzaileak gaur ari dira azken orduan egin beharreko lanak egiten, biharko dena gertu egon dadin. Orain arte, 6-7 lagunen taldea ibili da guztia antolatzen, baina bihar, dozena bat lagun inguru ibiliko da lanean.

Izan ere, 05:30erako edo “lehentxeago” Plaza Barrixan izango dira antolaketako hainbat lagun, lehen mendizale taldea artatzeko. Beste hainbat lagun, berriz, mendian izango dira, anoa puntuak atontzen. Halako lau izango dira, Azurtzan, herrian, Atseden Txaboletan, Karakaten eta berriro herrian.

Gertu izango dituzte txokolatea, gailetak, platanoak, naranjak eta frutiu sikuak, eta, edateko, ura, Aquariusa eta Coca-cola, eta Atseden Txaboletan eta helmugan, salta eta txorizoa eta ardoa eta sagardoa ere bai.

Mendizaleei begira, berriz, irteera ordua baino 15-20 minutu lehenago bertaratzea nahikoa dute. Hortaz, 05:40-05:45 inguruan lehen taldekoak eta 07:40-45 inguruan bigarren taldekoak. 06:00etan, Sagar Errakaranzko norabidea hartuko dute gutxienez 34 lagunek eta 08:00etan, San Andreserakoa hartuko dute, berriz, 116 lagun baino gehiagok. Hortik aurrera, norbere erritmora egingo dute ibilbidea, lagunekin, familiarekin zein bakarka.

Amaieran, zain izango dira dutxak Araneko kiroldegian. Eta ondoren, elkarrekin bazkaltzeko aukera izango da. Noski, kamiseta ere jasoko du parte-hartzaile bakoitzak. Behean ikusgai orain arteko kamiseta guztiak, Mikel Valerok egin du bilduma osoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.