Bihar, Palestinako herriaren aurkako genozidioa salatzeko mobilizazioak

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 1a, 18:06

Bihar, eguena, Palesinaren alde mobilizatuko dira Soraluze BHI Institutuko ikasle-irakasleak. Ikasleen kasuan, egun osorako greba deitu dute eta ikasleen gehiengo erabatekoak babestu du protesta (3. eta 4. DBHkoek bozka dezakete). Irakasleen kasuan, berriz, elkarretaratzea egingo dute 11:00etan Plaza Barrixan eta dei egin diete gurasoei zein hezkuntza komunitatea osatzen duten gainerako guztiei eurekin batera protesta dezaten.

“Palestina bizitzen ari den sarraskia salatu eta elkartasuna adierazteko” deitu du biharko elkarretaratzea Soraluze BHIko irakasle taldeak. 11:00etan da hitzordua Plaza Barrixan, eta, hezkuntza komunitate osoari dei egin diote elkarretaratzean eurekin batera parte har dezaten, tartean, gurasoei.

Institutuko ikasleei dagokienez, Ikasle Sindikatuak egindako deiarekin bat egin eta bihar, eguena, greba egingo dute. “Palestinako herriaren aurkako genozidioa” salatzeaz batera, “Israelekin harremanak apurtzea” eskatuko dute.

Netanyahuk nazioarteko ultraeskuinaren babesa

Ikasleek helarazitako deialdian gogora ekarri dute “Netanyahuren gobernuak 60.000 palestinar baino gehiago hil” dituela, “horietatik 18.000 haurrak eta arma gisa baliatutako goseteak herritarren %25i eragiten” diela.

Halaber, salatu dute Netanyahuk “AEBko inperialismoaren eta Donald Trumpen baliabide ekonomiko eta militar guztiak” dituela eskura “baita nazioarteko ultraeskuinaren babes sutsua ere”.

Diotenez horren barruan “Vox eta PP sartzen” dira. “Baita EAJ ere, argi erakusten baitu Israelen aldeko babesa, islamofobia eta etorkinen komunitatearen aurkako gorroto arrazista, eta noski, CAF edo Irizar bezalako enpresak, sionismoarekin negozio mardulak egiten dituztenean”. Eta Espainiako estatuari dagokionez, berriz, “PSOE-Sumarren gobernuak hizkera bikoitza erabiltzen” duela uste dute, hitz politetatik harago, ez dituztelako Israelekin dituzten “harreman komertzial, diplomatiko eta militarrak apurtzen”.

Eta azpimarratu dute eurek ez dutela “ez ikusiarena egingo. Palestinar auzia gizateriaren eta giza eskubideak eta justizia soziala defendatzen” dutenen auzia delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.