Zerbitzu eta prestazio publikoak hobetzea eskatzen dute Adinekoen Nazioarteko Egunaren harira

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 30a, 18:45

40 herritar pasa izan ziren atzoko elkarretaratzean. Argazkia: Ander Gomez.

Bihar, urriak 1, Adinekoen Nazioarteko Eguna da eta horri begira egin zuten pentsioen aldeko atzoko elkarretaratzea. Oro har, zerbizu eta prestazio publikoak hobetzea eskatu zuten, azpimarra jarriz “zaintza-sistema publiko, komunitario, unibertsal eta kalitatezkoan eta pertsonen beharren araberako arretan". Bestalde, zapatuan, urriaren 4an Eibarren deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten. Hura 12:00etan abiatuko da Untzagatik.

“Osasun-sistema publikoaren prestazioak hobetzea eta zabaltzea; mendekotasunaren arretarako zerbitzuen sare publiko komunitario eta unibertsal bat eta bizitza duina, ahalik eta autonomoena, garatzea ahalbidetuko” duten “diru-sarrera nahikoak”. Bestela esanda, “zaintza sistema publikoa eta kalitatezkoa guztiontzat eta lan-arteko gutxieneko soldataren adinako gutxieneko pentsioa”.

Aldarrikapen horiexek haizatu zituzten atzoko elkarretaratzean. Bihar, urriaren 1ean ospatzen den Adinekoen Nazioarteko Egunaren harira azaleratu zituzten aldarrikapenok, salatuz EAEko Gobernuak zaintza-eredu berri bat garatzeko herrialde-itun bat bultzatuko zuenaren “promesa, propagandan” geratu dela eta “errealitatea gero eta gogorragoa” egiten zaiela adinekoei.

Oro har, uste dute “EAJ-PSEk kudeatzen duen egungo zaintza sistemak, zaintza publiko eta duina bezalako eskubide bat negozio” bihurtu duela. Eta ez dela “inolako eskubiderik errespetatzen, ez langileenak, ez erabiltzaileenak”.

Horrexegatik eskatzen dute “hitzetatik ekintzetara pasatzea” eta “zaintza-sistema publiko, komunitario, unibertsal eta kalitatezkoa eta pertsonen beharren araberako arreta” bermatzea.

Halaber, atzoko elkarretaratzean jakinarazi zuten zapatu honetan Eibarren pertsona nagusien eskubideen alde manifestazioa egingo dutela eta bertan parte hartzeko deia ere egin zuten. 12:00etan abiatuko da Untzagatik. Manifestazioa deitu dute honako elkarteek: Agijupens, Eibarko Duintasuna, Eibarko pentsionistak, Eibarko Emakume Pentsionistak, Berrarmatzeko Aurkako Intsumisoa eta Palestinarekin-Gerrarik ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.