0 KM KOMERTZIOAK

Ibilbide berria Comercial Vila saltokian

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 30a, 14:00

Gaur, irailak 30, ibilbide berriari ekin dio Comercial Vila (Todo a 100) saltokiak. 20 urtez dendaren kudeaketaz arduratu den Geyne Rosangela Santosek agur esan eta Dina Luz Tamayori eman dizkio saltokiko giltzak. Santosek, aurrerantzean, estetizista lanak egingo ditu. Tamayori dagokionez, berriz, dendaren orain arteko eskaintzaz aparte, arropak konpontzeko zein josteko zerbitzua ere eskainiko du dendan bertan. Barruan irakurgai Geyne Santosen agurra.

Emozio handiarekin (eta nostalgia apur batekin), zuekin partekatu nahi dut proiektu profesional berri baterantz pauso bat ematea erabaki dudala. Askok dakizuen arren 2015az geroztik estetizista tituluduna naizela, erosotasunagatik eta negozioarekiko maitasunagatik, inoiz ez nintzen jauzia ematera ausartu. Orain arte.

2023an nire herrialdera bidaiatu nuen, Brasilera, eta nazioarteko akademia batean mikrobladingean trebatu nintzen. Itzuli nintzenean, estetika aurreratuan trebatzen jarraitu nuen, eta orain nire benetako ametsaren aldeko apustua egiteko unea iritsi dela sentitzen dut.

Horregatik, bihotza oroitzapenez eta esker onez beterik, nire denda maitea oso berezia den norbaiten esku uzten dut: nire koinata. Berak jarraituko du soraluzetarrei betidanik eskaini nahi izan diedan maitasun eta dedikazio guztiarekin. Irailaren 30era arte egongo naiz berarekin, xehetasun guztiak erakusten, eta 31n ofizialki kapitulu hau itxiko dut.

Ez da erabaki erraza izan. Denbora luzez atzeratu nuen, une egokiaren zain... eta azkenean iritsi da. Urte hauetan guztietan nire onena eman izanaren pozarekin noa, eta onena oraindik etortzeko dagoelako ziurtasunarekin.

Eskerrak eman nahi dizkizuet, bihotzez, horrenbeste maitasun, barre, besarkada, malko partekatu eta jasotako babes guztiarengatik. Une ahaztezinez betetako motxila eramango dut. Zuetako askok esan didazuen bezala: "Zurekin gaude"... eta horrek ez du preziorik!

Amets bat ez da gauzatzen, amets bat LANDU EGITEN DA... eta horretara noa, ilusioz, indarrez eta hazten jarraitzeko gogo handiz.

Hilaren azken egunean dendatik pasatzera gonbidatzen zaituztet, agur-argazki bat egin eta nire lagun guztien oroigarri polit bat eramateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.