“Harridura, etsipena eta haserrea” pentsiodunen mugimenduen artean

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 26a, 10:22

Pentsiodunak protestan atzo, Gasteizen. Argazkiak: Soraluzeko Pentsiodunen Mugimendua.

Atzo, Eusko Legebiltzarrak ez zuen onartu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea tramitatzea. Bestela esanda, ez zuen onartu proposamena Legebiltzarrean debatitzea eta bozkatzea. EAJ-PNVk, PSE-EEk eta VOXek bozkatu zuten horren alde, EH Bilduk eta Sumarrek, berriz, kontra. Pentsiodunen mugimenduak “harridura, etsipena eta haserrea” erakutsi du erabaki horren aurrean. Uste dute ez datorrela bat demokrazia parte-hartzailearen sustapenarekin.

Atzo, eguena, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegilea (HEL) aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak, 145.142 herritarrek eta bestelako eragile, sindikatu, elkarte ugarik babestutako ekimena. Haren bitartez, eskatzen zuten gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea, horretarako behar den kopuru osagarria bermatuz.

Baina, Legebiltzarraren gehiengoak ez zuen ekimena tramitera onartu, eta, ondorioz, ordezkari politikoek ez zuten proposamena ez aztertu, ez eztabaidatu eta ezta bozkatu ere. EAJ-PNVk, PSE-EEk eta VOXek bozkatu zuten horren alde, EH Bilduk eta Sumarrek kontra eta PP abstenitu egin zen.

"Premiazkoa"

Legebiltzarrean gehiengoa duten alderdiek hartutako erabaki horren aurrean, “harridura, etsipena eta haserrea” erakutsi zuen pentsiodunen mugimenduak.

Harrituta daude, Lehendakariarekin eta Lehendakariordearekin izandako bileraren ondoren, ez zutelako erabaki hori espero.

Haserre ere badaude, “ezezko hori ez datorrelako bat demokrazia parte-hartzailearen sustapenarekin, azkenaldian Gobernu honen jardunaren ardatz hori, demokrazia parte-hartzailea, lau haizetara zabaldu denean”.

Eta etsituta ere bai, “Herri Ekimena tramitera ez onartzeko erabilitako argudioen zorroztasun eskasagatik eta haien baieztapenak justifikatzen dituen daturik ez egoteagatik”.

Ekimenaren bitartez egin duten proposamena “premiazkoa, bidezkoa eta beharrezkoa” dela uste dute, eta gobernuko ordezkariek diotenaren kontrara, uste dute Euskal Autonomi Erkidego honek baduela “eskumena baita baliabide nahikoak ere” eskariari aurre egiteko.

Halaber, gogora ekarri zuten Gizarte Segurantzatik 1.184 euro baino gutxiago jasotzen duten 170.000 pentsiodunetatik 100.000ri eragingo liokeela neurriak. 

Dena delakoa ere, ezezkoa jaso zuten atzo eta hori salatzeko, manifestazio jendetsua egin zuten Gasteizen. Bertaratutakoen artean, Soraluzeko pentsiodunen mugimenduko ordezkaritza ere izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.