Iker Aldazabal: “EAJ-PNVren lanari esker Soraluze biziberritzen ari da”

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 25a, 13:54

Aste honetan, EAJ-PNV alderdiaren Gipuzko Buru Batzarreko burkideak Soraluzen izan dira, Maria Eugenia Arrizabalaga presidentea tarteko. Prentsa ohar bitartez esplikatu dutenez, “jeltzaleek abian jarritako bi proiektu estrategikoren bilakaera bertatik bertara ezagutzen” izan dira, zaharberritutako SAPAren pabiloia eta Gabolatseko zubi berria. Iker Aldazabal bozeramaile jeltzaleak nabarmendu duenez, “lidergoa” erakutsi dute, “Udalaz gaindiko erakundeekin akordioak lortzeko, eta horri esker” gauzatu dira proiektuak.

SAPAren zaharberritutako pabiloiari dagokionez, jeltzaleek azpimarratu dute "eremu degradatua zen horretan, gaur egun soraluzetarrentzat askotariko erabilerarako gune estali bat” egokitu dela, “tokiko ondare industrialaren balioa aitortu eta aisialdirako aukera berriak eskaintzen dituena”. 1,2 milioi euroko inbertsioa egin dute bertan, jeltzaleen esanetan, “EAJ-PNVren kudeaketa eta erakunde arteko akordioei esker” lortutakoak.

Halaber, EAJ-PNVk gogorarazi du SAPAn, proiektuaren bigarren fasea egiteke duela Udalak: “Pabiloiaren lateralak estaltzea, itxiturari konponbidea ematea”, eta, azpimarratu du “hori errealitate bilakatzeko lanean jarraituko duela”. Horrekin batera, aditzera eman du laster hasiko dituzten Baltegietako kalearen urbanizazio lanak ere “alderdi jeltzaleak proposatuta” egingo direla.

Gabolatseko zubia

Gabolatseko zubi berriari dagokionez, berriz, aditzera eman dute obra horien “lehentasuna segurtasuna bermatzea” izan dela: “Zubi berriak uholde-arriskua murrizten du, baita ibaiaren ibilgua libre utzi ere. Gainera, 5 metroko zabalerarekin, oinezko zein ibilgailuen joan-etorriak antolatzen ditu”. Jeltzaleek gogora ekarri dute Udalaren eta URA Agentziaren arteko elkarlanak “egin” zuela “posible zubi berrirako “1,9 milioi euroko inbertsioa herrira ekartzea”.

Bi obra horiek adibide modura jarrita, Iker Aldazabalek azpimarratu du “EAJ-PNVren lanari esker Soraluze biziberritzen” ari dela eta jeltzaleek argi dutela hori dela eurek soraluzetarrentzat nahi duten eredua, "herrigintzan eta erakundeen arteko lankidetzan oinarritutako politika": "Lidergoa erakutsi dugu, udalaz gaindiko erakundeekin akordioak lortzeko gaitasuna erakutsi dugu, eta horri esker proiektuak gauzatu dira. Gure anbizioa argia da: Soraluze herri atseginago eta bizigarriagoa bihurtzea". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.