Helduak, gazteak, umeak eta baita beteranoak ere. Denetik izango da Marraskilo Tour mendi ibilaldiaren aurtengo edizioan, gehienak ibilaldia behin baino gehiagotan egin dutenak, hori bai. Halaxe erakusten du aste honen hasierarako dagoeneko beteta zegoen online izen-emateak.
Izena eman duten 150 lagunetatik 116 animatu dira 20 kilometroko mendi-buelta egitera eta gainerako 34 lagunek, berriz, 35 kilometroko ibilbidea egingo dute. Iazko izen-ematearekin alderatuta, kopuruz dagoeneko handiagoa da aurtengoa, iaz online 120 lagunendako lekua eman baitzen eta aurten 150endako eman da.
Edozelan ere, egunera bertara itxaron behar da behin betiko parte-hartzearen berri izateko, urriaren 4an ere badelako Marraskilo Tourren izena emateko aukera. Gogoan izan 06:00etan abiatuko direla 35 kilometroko ibilbidea egingo duten mendizaleak eta 08:00etan gainerakoak.
Amaieran, hala nahi duenak dutxatzeko aukera izango du Arane kiroldegian eta ondoren, elkarren arteko bazkaria ere izango da.