Gaurtik barikura greban dira Mesedeetako egoitzako langileak

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 24a, 09:35

Greba iragartzeko pankarta jartzen, atzo.

Gaur, irailak 24, hasi eta irailaren 26 barikura arte, greban izango dira Mesedeetako egoitzako langileak.  LAB eta ELA sindikatuek batera deitu dute protesta Gipuzkoako egoitzetan, besteak beste, “kontratu duinak” eskatzeko. Soraluzen bihar, eguena, elkarretaratzea egingo dute, 19:30ean Plaza Berrian. ELA sindikatutik esandakoaren arabera, Soraluzeko egoitzaren kasuan, langile guztiek bat egin dute protestarekin. Bestalde, grebaren eraginez, urrira aldatu dituzte gaur den Mesedeetako Amaren Egunaren ospakizunak.

Gaurtik barikura arte, protestan ibiliko dira Mesedeetako egoitzako langileak, Gipuzkoako bestelako egoitzetako langile askorekin batera. ELA eta LAB sindikatuek deituta, oro har, lan jardun osoko kontratuak eskatzen dituzte, salatuz, egoitzetako “langileen erdiak borondatezkoak ez diren lan kontratu partzialak” dituztela. Diotenez, azken lau urteotan “izugarri ugaritu” egin dira mota horretako kontratuak.

ELA sindikatuak jakinarazitakoaren arabera, “azpikontratatutako langileen kasuan, kontratu partzialak %45 dira”. Beste hiru datu bat ere eman ditu. Batetik, egoitzetarako langileen “zerbitzu horiek lizitatzeko atera dituen azken 9 pleguetako informazio publikoa aztertu du sindiaktuak, eta ondorioztatu du langileen %55ak kontratu partziala duela”.

Bestetik, Gipuzkoako patronal handiena den Matiak 1.300 langile dituela eta %50k kontratu partziala duela eta hirugarrenik, Biharko Gipuzkoa enpresak 900 langile inguru ditu eta “%60k kontratu partziala” duela.

Langile prekarioak

Oro har, sindikatuak salatu du “kontratu horiek diru publikoarekin mozkinak biderkatzeko eta soldatak ez aplikatzeko mekanismoa” direla; baita “langileak menpeko eta prekario bihurtzekoa” ere. Diotenez, “lanaldi osora gerturatu ahal izateko, enpresek erabateko disponibilitatea eskatzen diete ordu osagarrien bidez. Egutegien malgutasun horrek kontziliazioa eta bizitza duin bat izatea oztopatzen du”.

Horregatik guztiagatik, %100eko lan kontratuak eskatzeko eta soldata arrakalarekin amaitzeko eskatuko dute protesta eginez, zehazki, Eider Mendoza aldun nagusiari eskatuz “aurrekontuetako eztabaidan gaia erdigunean” jar dezala.

Bihar Plaza Berrian

Grebarekin batera, mobilizazioak ere egingo dituzte datozen egunotan. Esaterako, gaur, eguaztena, Donostian manifestazioa egiteko hitzordua dute eta bihar, eguena, Soraluzeko Plaza Berrian elkarretaratzea deitu dute 19:30ean.

Azkenik, gaur egitekoak ziren Mesedeetako Amaren ospakizunak egunez aldatu dituzte egoitzan. Jakinarazi dutenez, urriaren 6tik 9ra bitartean ospatuko dute egoitzako zaindariaren eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.