Atzo, Sorako gaztetxoen eskutik zelairatu ziren nagusiak aurtengo ligako lehen partidan. Partidaren aurretik, bi aitortza egin zituzten. Batetik, aurten entrenatzaile duten Iokin Arrillagari, 21 urtean jokalari eta jubenilen entrenatzaile izan ondoren jokatzeari laga egin diolako lehen taldearen entrenatzaile izateko. Oroigarria eman zioten Arrillagari.
Eta bestetik, Jesus Arruabarrena Ninori, laster, klubaren 50. urteurrena izango den honetan, klubaren sorrerako taldeko kideetako bat izan zelako. Ninori bere izena eta 11. zenbakia duen Soraren kamiseta oparitu zioten.
Aitortzen ondoren hasi zen Elgoibarren kontrako partida. Derbia zen askorendako. Eta Ezoziko futbol zelaiko harmailak bete zituzten zaleek ez zuten aspertzeko astirik izan.
"Boxeo konbate modukoa"
Hasieratik tentsioa nabarikoa zen giroan eta joko-zelaian, berriz, urduritasuna. Partida zoroa izan zen lehen minututik. Jokin Arrillaga Soraren entrenatzailearen esanetan, “denetik egon zen”, bereziki atzokoan ez zelako izan erraza baloia dominatzea: “Bi taldeak egon ginen sufritzen baina horri etekina atera geniona gu izan ginen. Eman zuten zutoinetan, langan… baina gure aldetik ere izan ziren aukerak. Boxeo konbate modukoa izan zen. Bi taldeek jaso genuen geurea, baina KO eurak jausi ziren. Bi jokaldi konkretu izan ziren gureak, aislatuak, baina gure alde jausi ziren”.
Golak Jonpek eta Barruk
Jonperen eskutik etorri zen lehen gola, hiru toke dotoretan. Falta baten sakean, Barruk baloia Markel Gil kapitainari bidali zion eta hark, area izkinatik, Elgoibarren ate aurrean ederto kokatuta zegoen Jonperi. Jonpek, berriz, ostiko ederrarekin, bete-betean sareratu zuen baloia. 67. minutua zen eta golak gehiago bultzatu zuen etxeko taldearen erasoa.
Baina 88. minutura arte itxaron behar izan zen etxekoen bigarren gola ikusteko. Hori bai, bigarrenak ahozabalik laga zituen ikusleak. Ia zelai erditik jaurti, atezaina aurreratuta harrapatu eta haren gainetik parabola eginez, ate barrura sartu zuen Aitor Barrutiak.
Bigarren gol hori norgehiagoka bukatzeko puntuan zegoela etorri arren, bai Sorak eta baita Elgoibarrek ere dena ematen segitu zuten harik eta epaileak amaiera markatu zuen arte.