Harro eta dotore zelairatu ziren Sora futbol taldearen 2025-2026ko jokalariak eta entrenatzaileak

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 22a, 13:25

Zaparrada arteko aterrunea aprobetxatuz zelairatu ziren 2025-2026 denboraldian Soraluze Futbol Taldea osatuko duten jokalariak eta entrenatzaileak atzoko aurkezpen ekitaldian. Guztira, 180 jokalari ibiliko dira, 10 taldetan banatuta eta 22 entrenatzaileren gidaritzapean. Atzo azpimarratu zutenez, futbol eskolatik hasi eta nagusietara arte, Sorak nahi du futbolean erakutsi baina “errespetuz eta kirol baloreak lehenetsiz”. Halaber, atzokoan, hiru izen propio nabarmendu zituzten, aurten hil den Jose Luis Larrañaga Pegu, Jesus Arruabarrena Nino eta Iokin Arrillaga.

Aurten, iaz baino ume-gazte gehiago izango ditu Sorak 2025-206 denboraldiko 10 taldeetan, guztira, 180. Atzoko aurkezpen ekitaldian, guztiak zelairatu aurretik, Iraultz Arluziaga zuzendaritzako kideak eskerrak eman zizkien klubaren babesleei, bazkideei eta erakundeei beste denboraldi batez Sora laguntzen ibiltzeagatik. Zentzu horretan, aurten babesle berriak estreinatu dituztela jakinarazi zuen, Bolia, Edurtza, Limpiezas Trejo, eta Goki ere azaltzen dira Soraren kamiseta berrietan, Txokorekin eta MGSrekin batera.

Ondoren eta klubaren filosofiari dagokionez, Arluziagak azpimarratu zuen “aurreko urteetako norabidean sakondu” nahi dutela: “Futbolean jokatzen erakutsiko dugu futbol eskolatik gora, baina futbolean erakutsi ez edozein modutan, errespetuz eta kirol baloreak lehenetsiz, baizik; lehenengo hori doa eta gero, igual da irabazi edo galdu, galtzen ere ikasi egin behar da eta saiatuko gara hori erakusten ere bai”.

"Errespetatu"

Norabide horretan elkarrekin jarduteko laguntasuna eskatu zien “jokalari guztiei eta harmailetan egoten diren guraso eta zale guztiei”. Gogora ekarri zuen tratu ona mezu duten kartelak ere badaudela jarrita futbol zelaiaren bueltan. “Aurkariak, arbitroak… errespetatu, eta, animatzera etorri eta besteak laga bakean”, esan zuen.

Azkenik, Arluziagak esan zuen klubaren 50. urteurrena izateko bi urte falta direla eta horra begira atera dituztela, besteak beste, arropa berriak. Halaber, talde sortzailea zelanbait omendu nahian, Jesus Arruabarrena Nino-ri  kamiseta oparitu zioten eta gogoan izan zuten aurten zendu den Jose Luis Larrañaga Pegu, lehendakari izandakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.