Txurrukeneko okupazio kasua epaitegien esku utzi dute

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 19a, 11:15

Txurrukeneko 5. atarian etxe bat okupatu dute berriki. Alokabidek kudeatutako etxebizitza bat da. Joan den barikuan, Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertan izan ziren okupatzailearekin berbetan, baina hark adierazi zien, modu onez, ez zuela irteteko asmorik. Egoera horren aurrean, kasua epaitegien esku laga du Alokabidek. Halaxe jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailetik emandako informazioaren arabera, Txurrukeneko 5. atariko etxebizitza Alokabideren bitartez esleituta izan da urteotan. Orain, baina, egokitzapen obra batzuk egiten ari ziren eta etxebizitza berriro ere parke publikora bideratu behar zuten, baina, tarte horretan, gizon bat sartu da okupa modura.

Halako kasuetan, Alokabide etxea berreskuratzen ahalegintzen da. Lehenengo, mediazioa eginez. Eta mediazioaren bideak kale egiten badu, gaia judizializatu eta epaitegien esku lagatzen dute. “Etxebizitza bat okupatzen bada, etxebizitza hori ezin da modu justuan kudeatu. Hau da, etxebizitza publikoak eskuratzeko eskatzaile zerrenda bat dago, irizpide batzuen arabera osatuta. Norbaitek etxebizitza bat okupatzen badu, etxebizitzak esleitzeko prozesua urratzen ari da pertsona hori, eta hori ez da bidezkoa”.   

Horixe da Txurrukeneko etxebizitzarekin egin dutena. Beraz, orain epaileak erabaki beharko du ze pauso eman.

Errabaleko etxea hustu

Aurtengo maiatzean, esaterako, Alokabideren beste etxe bat hustu egin zuten Errabal kalean. Kasu horretan ere, okupak zeuden bertan, gainera, denbora luzea zeramatzaten. Azkenean, epailearen aginduarekin bertaratu ziren Ertzaintza eta segizio judiziala eta okupatutako etxebizitza hustu ondoren, etxebizitzara sarbidea galarazteko neurriak hartu zituzten.

Etxebizitza Sailetik esandakoaren arabera, gaur egun, Alokabidek 17.000 etxebizitza kudeatzen ditu Euskadin eta, obrak egin behar diren kasuetan, haien kudeaketa luzatu egin daiteke prozesu burokratikoak eraginda. Eta horren ondorioz, gerta liteke etxebizitza bat denbora tarte batez hutsik egotea.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.